Boulder Jarduerak
Zailtasunaren eskutik, bloke sorta ederra eta kalitate handikoak
Toni Lamprecht alemaniarrak munduko proposamen gogorrenetarikoa egin du Kochelen: 8c+. Lisa Rands estatubatuarrak 8a+ graduko tsunami bat sinatu du. Eta Iker Pouk, besteak beste, Monkey (8b+) egin du.
Andoni ARABAOLAZA
Blokeko espezialistek zail jarri digute. Eskaladako modalitate honetan, oso garai egokian gaudenez, zailtasun handiko jardueren uholde etengabea jasotzen ari gara. Zaila dugu, beraz, zerrenda luzea irakurleei bereganatzea. Oraingo honetan soilik aipatutakoaren hiru adibide dakarzkizuegu. Protagonistak, berriz, honakoak dira: Toni Lamprecht, Lisa Rands eta Iker Pou. Lehenbiziko biak atzerritarrak eta hirugarrena etxekoa.
Lamprecht alemaniarrarekin hasiko dugu kronika. Izan ere, beterano honek egungo proposamen zailenetarikoa aurkeztu digu. 8c+ graduko bloke bat sinatu berri du: Bokassa´s fridge (8b+/c) eta Assasin monkey and man (8c) blokeak elkartu egin ditu.
Ohi den legez, goi mailako jarduera hori Kocheleko (Alemanian) Atlantis murruan erdietsi du. Guztira 12 mugimendu ditu, eta, jakina, asko kosta zaio: «Heldu den udarako proiektu handi baterako prestatu behar nuen. Agian, nire azken xede handia, besteak beste, adinean aurrera noa-eta. Nire lanak oso denbora gutxi uzten dit eskaladan aritzeko, eta Kochel etxetik 45 minutura daukat. Probatzen ari nintzela, bi helduleku puskatu ziren, eta, oro har, orpoak asko erabili behar dituzu. Hori bai, erorikoak ez dira batere atseginak, buruz edo bizkarrez erortzeko arriskua baitago».
Alemaniatik Amerikako Estatu Batuetara egingo dugu salto. Buttermilks-en, Bishopeko eremurik onenetarikoan, Lisa Rands gustura ibili da azkenaldion. Egungo emakumezko espezialista indartsuenetarikoa da, eta egin dituen blokeen artetik bat nabarmendu behar dugu. Batetik, zailtasuna duelako eta, bestetik, bloke garai bat edo tsunami bat poltsikoratu duelako.
Haround and the Sea of Stories da egin berri duen 8a+ zailtasuneko tsunamia. Guztira, 25 mugimendu ditu, eta Randsen arabera, ederra baino ederragoa: «Zailtasun handiko blokeak egitea dut gustuko, baina kasu honetan, tsunami honetan, graduari ez diot ia garrantzirik ematen. Izan ere, kalitate handiko bloke bat sinatu dut».
Larraona gogor
Eta azkenik, Iker Pouk eginikoei buruz mintzatuko gara. Gasteiztarra gustura ibili da Larraonako blokeetan; gustura bai, baina gogor astintzen. Oso baldintza egokietan jardun du, eta, besteak beste, beste urte batzuetako proiektuak egin berri ditu. Horrela bada, lasai asko esan dezakegu Argentinara abiatu aurretik etxeko lanak biribildu dituela. Eta abiatu aurretik diogu, hegazkina irten baino egun bat lehenago oraindik Larraonan jo eta su zebilelako. Eta motibazio horrek, gainera, azken orduko emaitza onak ekarri zizkion.
Den-denak lehen igoerak. Monkeyrentzat 8b+ graduko proposamena egin du: kalitatezko 24 mugimendutako zeharkaldia. Esku beltzarentzat 8b/+ proposamena egin du. Orain dela 10 urteko proiektu honek 9 mugimendu ikusgarri ditu. Beste 8b bat: Embrujo. Soilik 5 mugimendutako blokea da. Eta Larraonako bisitaldiekin amaitzeko, Esto no es Suiza. 8a+, baina eserita hasita.
Pou ere Baltzolan izan da. Eta ez pentsa sokarekin; ez, blokean lan berriak egiten. Adibidez, gasteiztarra bi bloke elkartzen saiatu da, eta azkenean lortu zuen. Arroita (7c+) eta Solaris (8a+) lotu zituen. 15 mugimendutako proposamen berriari Solaris plus (8b) deitu dio.