GARA > Idatzia > > Kultura

Hernandorena sariko lehen kanporaketan Ekhi Erremundegi nagusitu zen

J. ETCHEMENDY | DONIBANE GARAZI

Donibane Garazin jokatu zen Hernandorena sariko lehen kanporaketa iragan larunbatean; Kalaka ostatuko jantokia leporaino bete zen, zaleek bertso giro gozoa ipini zuten eta jokoa baino jolasaren antza handiagoa agertu zuen bertso lehiak. Hegoaldetik hiru bertsolari gazte, Aimar Karrika, Unai Gaztelumendi eta Izar Mendiguren; Iparraldetik, berriz, beste hiru, Ekhi Erremundegi, Ximun Cazaubon eta Bixente Luku.

Ordu eta erdiko saio bizi baten ostean Ekhi Erremundegi nagusitu zen 199 punturekin, eta finalean kantatzeko txartela eskuratu zuen. Gaztelumendi izan zen bigarren, 195.5 zakura eramanda, eta hirugarren Ximun Cazaubon 193 punturekin. Bi hauek finalean aritzeko aukera anitz dituzte, baina Larresoro zein Mauleko saioetan gertatzen denaren zain egon beharko dute hori jakiteko. Mendiguren laudioarrak eskuratu zuen laugarren postua 188 punturekin, Karrikak bosgarren egin zuen 182.5 punturekin eta Bixente Lukuk seigarren 172 jasota.

Dotore hasi zen saioa, umorez jantzitako agurrekin, eta entzungo zenaren iragarpena eman zuen horrek, bertso onak arrazoi onekin josiak bata bestearen atzetik entzun zirelako.

Adibide gisa, zortziko handian Mendigurenek eta Erremundegik eginiko saioa: banku baten aitzinean lo egiten zuten eskaleak ziren; bat-batean kutxazaina dirua bota eta bota hasi zen... honela ekin zion Izar-ek: «Banku batean lo egin behar, nahiz eta portatu zuzen/ kutxazainari zenbat alditan, erregutu diogun ozen/ta bat-batean txanpon pila bat erortzen hasi da hemen/ zalantza daukat hau amets bat den, edo jainkoa jausi den». «Eskua luzatuz galdetu ohi dugu, beti txanpon bat herabe/ ta honek mila eman dizkigu, gainera galdetu gabe», erantzun zion Ekhik. «Ez naiz poztuko ez aldatuko, txanpon pila hauengatik/ aberats ez da asko duena, gutxi behar duena baizik!» bikain aipatu zuen Izar-ek eta Erremundegiren erantzuna bikainagoa izan zen: «Baina txanponak ikusi eta, behintzat pentsatzen dut hemen/ gutxi behar dugu baina askorekin, ez gara gaizki izanen!».

Gazteak heldu

Heldu dira gazteak kantura, eta heldu bilakatzen direnean...kasu haiekin!, larunbatean aritu ziren sei bertsolariek belaunaldi berri honen dohainak agerian utzi baitzituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo