GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA EliraLe-ren aurrestreinaldia Azkainen

Haurren unibertsoan barrena bidaiatzera gonbidatzen du EliralE-k, «Otto» dantzarekin

Begira sugea igotzen ari zaio eta ez da konturatzen lo dagoelako», esan zion bost urteko neskatxa ilehoriak bere ondoan zuen lagunari belarrira, bere aurpegiak erdi irria erdi kezka islatzen zuen bitartean. «Eta gameluan ere ibili dira», esan zuen bestalde bost urteko gaztetxo batek.

p050_f01_148x88.jpg

Pantxika Telleria koreografoak txikienen unibertso magikoa baliatu du bere azken sorkuntzan «Otto» artzarekin bidaiarazteko: «Bizitza ez da hain larria, irudimena erabilita asko gozatu daiteke, eta haurrek horretatik asko dakite». Sugerik eta gamelurik ez da EliralEren azken dantzan, eta Azkaineko gelara ere ez zuten horrelako animaliarik ekarri dantzari-antzezleek. Bi dantzari, musikari bat eta hamabost haur besterik ez ziren. Protagonistak horiek ziren, nahiz eta atzealdean irakaslea, koreografoa eta attrezzo sortzailea ere baziren besteren artean.

«Ottoren» munduak alegia eta irudimenera erakarriak zituen ikastolako haurrak. Eta hori da Pantxika Telleriak obra honetatik nabarmendu nahi izan duen gauzetako bat «eguneroko gauzak baliatu nahi ditugu beste dimentsio bat har dezaten».

Gamelua, edo dromedarioa, konkor bakarra baitzuen, dantzariak buru gainean zuen txapela kamiseta barnean sartzean ematen zuen itxura zen. Eta gosariko platerak autoko bolante bilakatu ziren «Ottorekin» egin joan-etorriak irudikatzeko.

Jose Cazaubon dantzaria eta Joxelu Berasategi antzezlea ari ziren bidaian txikienen begiradapean. Dantza eta antzerkiaren baitara ere erakarri zuten Joseba Irazoki musikaria. Mandolina eta gitarra «lap-style»ean jota bidaian lagundu zituen. Euskal Herritik abiatuta munduan zehar ibili ziren, desertua eta Pazifikoko uharteak bisitatu zituzten, besteak beste. Musikak lagundutakoa musikariak ere bildu zuela azaldu zuen Irazokik: «Uste dut adierazkortasuna lantzeko balioko didala esperientzia honek».

Musikak bidaiarazi eta musikaria bidaialagun zuten dantzariek ikusgarriaren antzezpenean beraiekin batera hartuz. Dantza garaikidearen joanaldian dena sar daitekeela deliberatu baitu Telleriak; «haurrak abstraktura eraman nahi ditugu, egunerokoak beste dimentsio bat hartzen du alde surrealistara ailegatuz».

Bi dantzari-antzezleak garbitu eta gosaria hartu ondoren handik eta hemendik ibiltzen ziren gelan eta kontinenteetan zehar. Mugimenduan alegia atzemanez: «Mugimendua maite dut, gehien interesatzen zaidana poesia da, eta bide asko daude horretara heltzeko. Poetikoa da eta haurrek bideratzen dute, ez dute justifikaziorik behar mundu batetik bestera pasatzeko», azaldu zuen Joxelu Berasategi antzezleak.

Lokartu eta esnatu egiten ziren bi bidaideak, eta altxatzeko indarra eserita zeuden hamabost protagonista txikiek helarazten ziotela nabarmendu zuen Berasategik: «Atsegina da haurrekin aritzea, mundu batean sartzen gaitu eta bizi poza abian jartzen du».

Ottoren erakusketa

Behin bidaian sartuta ezin da Ottorenetik atera, izan ere, prestaketan bakarrik bada ere, dantzatik atera eta bere munduan bestela murgiltzeko aukera eskainiko duen erakusketa interaktiboa ari da prestatzen konpainia, Maialen Maritxalarren laguntzarekin.

Haurrak bidaian lagunduko dituena ere, osagarri moduan sortu baina bilaka daiteke «Otto»ri osotasuna ematen diona. «Horrela haurrak era goxoan hitz egin ahal izatea lortu nahi dugu», esan zuen Telleriak.

Erakusketak ikusgarriak berak hartuko duen oinarrizko estetikarekin bat egiten du. Lan horietan Annie Onchalo ari da, Ottorekin ibiliko direnei kolorea eta argia emanez. «Estetika oinarrizkoa izanen da eta eguneko gauzak baliatuko ditugu, baina haurrei helduko zaiena joko bilakatuta izanen da. Oso gauza gutxirekin mundu oso argi eta aparteko bat eraiki daiteke».

Gauza gutxi izatea ere derrigorrezkoa izango da ikuskizunarentzat, Otto bezala bidaiaria izango baita, eta bidaide on guztiek dakiten bezala ezin da gauza askorekin ibili. Joanaldia ari da prestatzen orain hartz txikia, eta azarotik aurrera Euskal Herriko herrietan zehar ibiliko da.

Idoia ERASO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo