GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Iker Beristain urizarbarrena Euskal preso politikoa, Castelloko espetxetik

Betiko nire bihotzean, Antxon!

Gaurkoan, sei urte betetzen dira utzi gintuzunetik, eta egun beltz hartatik urtero egiten dudan bezala, hitz hauek helarazi nahi dizkizut, egongo zaren lekutik irakur ditzazun, finean ongi baitakizu izugarri maite zaitudala eta uneoro oroitzen naizela zurekin, nola ez ba!

Zu ongi ezagutzeko parada izan dut, zure laguntasuna, zure borrokarako grina eta konpromisoa... eta zurekin batera hainbeste maite dugun Euskal Herriaren eskubideen aldeko borroka latz bezain eder honi lotu gintzaizkion, beti elkarrekin, bidean eroritako gudariak eredu.

Iaz aipatu bezala, etsaiak gure herriaren aurkako gerra estrategian aurrera jarraitzen du, egunetik egunera pauso berriak ematen ari direlarik arlo honetan, errepresioa baita euskal jendarteari eskaintzeko duen gauza bakarra, errepresioa eta sufrimendua. Honen erakusgarri dugu martxoaren 1eko hauteskundeak zirela-eta egindako apustu errepresiboa, kasu honetan, eta inolako disimulurik gabe, ezker abertzaleko hautes plataforma bateko bultzatzaileak atxilotu, espetxeratu eta sakabanatu baitzituzten, ondoren plataformaren aurkako «frogak eraikitzeko», horrelakoxea baita espainiar «demokrazia», Israeleko faxistek jarraibide dutena. Beste behin ere Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker abertzalearen aurkako apartheid politikoa aplikatu dute, eta egoerak egoera, emaitzak espero zitezkeenak izan dira: jeltzaleak kakaztuta dabiltzalarik 30 urtetan zehar izan dituzten poltronak eta negozioak galduko dituztelakoan... izorra daitezela!

Esaerak dioen bezala, Erroman ez dago traidoreentzako ordainsaririk, Euskal Herria zanpatzen dutenekin batera lanean eta tratutan aritu ondoren (azken elkarrizketa prozesua honen adibide), bidelagun izan dituenak Jaurlaritzarik gabe utziko dute EAJ-PNV. Hautestontziek halere, erakutsi dute euskal jendartearen zatirik dinamiko eta konprometituena Euskal Herria hiltzen uzteko ez dagoela prest, milaka eta milaka izan baitira urrezko bozak.

Uholde errepresibo honek nahikoa garbi azaltzen digu estatuaren ezinegona, urduritasuna, eta bide onetik goazela erakusten digu aldi berean, geure helburuak lortzetik gero eta gertuago gaudela, nahiz eta oraindik ere, gogotik egin beharko dugun lan eta borroka... Aurrera neska-mutilak!

Nik espetxe fronte honetan darrait borrokan, betiere zu eta ondoan dituzun eusko gudari guztiak lagun, zuek baitzarete nire/gure askatasun haizea. Eta Malcom Xek zioen bezala, iraultzaileak garen heinean ezinbestekoa dugu zintzotasuna eta umiltasuna egunerokoan presente izatea, hain zuzen balore hauek egiten baikaituzte iraultzaile. Borrokak merezi du. Lortuko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo