GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Kopako finalak zeresana ematen segitzen du

San Mames beteta, futbola pantaila bidez ikusteko

BBKren ekimenak ere sekulako arrakasta izan du eta 35.000 sarrera hiru ordu eskasean saldu ziren.

p034_f01_777x777.jpg

GARA | BILBO

Egunak pasa ahala, datorren maiatzaren 13an Athleticek eta Bartzelonak Valentziako Mestalla futbol zelaian jokatuko duten Kopako finalak zale zuri-gorrien artean sortu duen ikusmina marka guztiak hausten ari da. Talde barrutik finala iritsi arte lehentasunekoa Liga dela behin eta berriro errepikatu duten arren, atzoko egunak bi erdigune informatibo izan zituen eta biak Kopako finalarekin zuten zerikusia.

Alde batetik, finala bertatik bertara ikusi nahi duten bazkideentzat sarreren zozketan izena emateko epea ireki zuen Athleticek. Era askotan eman daiteke izena: taldearen webgunean eskegita dagoen eskaera orria beteta, 94-405 05 15 telefono zenbakira deituta, edota San Mameseko txarteldegietan bazkide txartela erakutsita. Kontuan izan behar da 14.800 sarrera zozketatuko direla eta Athleticeko bazkide kopurua 34.373koa dela azken datuen arabera.

Bertan jokatuko balitz bezala

Bestalde, Mestallan egon ezingo duten zaleek San Mames leporaino beteko dute. BBKren eskutik, hainbat pantaila erraldoi ipiniko dituzte Bilboko futbol zelai mitikoan, eta bertan egoteko sarrerak ere atzo ipini zituzten salgai. Goizeko hamarrak aldera hasi zen salmenta bulegoetan, kutxazainetan eta Internet bidez, eta hiru ordu eskasean, salgai jarritako 35.000 sarrerak salduta zeuden. Izan ere, beharrezkoa den azpiegiturak eta segurtasun hesiak direla-eta, 35.000 ikuslera mugatu behar izan dute normalean 40.000 ikusle batzen dituen futbol zelaia. Sartu ezinik jende asko geratuko da.

Koparen berri sorta ez da hor amaitzen. Galdakaoko Udalak jakinarazi zuenez, Bizkaiko herri horretan ere pantaila erraldoi bat ipiniko dute jendeak neurketa bertatik ikus dezan. Oraindik lekua zehaztu gabe dagoen arren, datozen egunetan festa horren nondik norakoak zehazten joango dira.

LAGUNARTEKOA

Galdakaoko futbol taldeak eta Athleticek lagunarteko partida jokatuko dute gaur Santa Barbara zelaian 19.00etan hasita. Neurketa Bizkaiko herri horretan egingo den Ibilaldiaren alde dirua ateratzeko izango da.

GABILONDO, LARRI

Igor Gabilondok uste baino lesio larriagoa izan lezake Girondinsen aurka kolpatu zuen eskuin belaunean. Proga gehiagoren faltan, badirudi errotula minduta daukala eta ezingo duela denboraldi honetan gehiago jokatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo