GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

Desagertzeko bokazioz sortua

Kilometroz kilometro, urratsez urrats, aurrera doa Korrika, euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako horiei ongietorri beroa eskainiz. Joaldunen laguntzarekin hemen, txalapartaren soinuarekin han, hala doa, tipi-tapa tipa-tipa, euskararen herrian, mugen ordez, euskalkiak besterik ez daudela frogatuz. Urduritasuna, barre algarak eta emozio malkoak eragin ohi ditu herri lasterketa honek, denak aldi berean. Etxeko txikienak lekukoa hartu eta ziztu bizian joan ohi dira, aiton-amonek aski dute espaloian zain egon eta gogoz txalotuz agurtzearekin. Gehienek ordea, bi urtean egin ez duen kirol ariketa egiten dute bertan, euskararen aldeko mezua helmugara irits dadin bere hondar aletxoa jarriz.

Atzean gelditu dira herritarrek Korrika babestu ez zezaten, dirulaguntzarik ez emateko EAJk egiten zituen deiak, edota Korrikak Nafarroa zeharkatzeko jasan behar izan zituen trabak, 1982an Nafarroan Gobernu espainolaren ordezkari zen Francisco Javier Ansuategiren eskutik eta, mende laurden geroago, Yolanda Barcinaren ahaleginez. UPN kexu da orain, eta AEKri Korrika antolatzeko «ematen dizkion dirulaguntzak» terrorismoa goratzeagatik etengo dizkiola ere mehatxu egin du. Mehatxuak mehatxu, aurten lehen aldiz, galtza motzak jantzi eta korrikari ekin behar izan dio Nafarroako Gobernuak. Aukeran seguru, etxean hobe, baina Euskarabidea zilegitasunez janzteko, euskararen aldeko uholdean busti behar. Lakuak ere aspaldi ikasi zuen lezio hori eta urtero-urtero fin dabil lekukoa eskuetan hartuta.

Korrika, ordea, bi urtetik behin egiten da herri honetan. Hamasei edizio gehiegi dira, desagertzeko bokazioz sortu zen ekimen batentzat. Eta motel gabiltza bere desagerpena ikusteko, ilegalizatzen ez badute, bederen. Korrikak euskararen normalizazioa zuen eta du helburu eta horretarako, Korrikan izerdia eginez aurpegia garbitzeaz gainera, lan handia dute egiteko erakundeek. Korrikak zeharkatzen dituen zazpi herrialdeetan euskararen ofizialtasuna eskuratzea ezinbestekoa da gure hizkuntzaren biziraupena ziurtatzeko. Bitartean, horrela arituko gara, bi urtetik behin mingaina kanpoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo