GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ana Perez Eskola Laikoaren Aldeko Plataforma

Gutun irekia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari

Gurasoei hausnarketa egitera eta euren seme- alabak erlijioa ikasgaian ez matrikulatzeko aukera egitera gonbidatzean, eztabaida publikoa zabaldu nahi dugu, bai heziketa komunitatean bai hemendik kanpo

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak Bizkaiko ikastetxeetako zuzendariei bidalitako gutunarekin lotuta, eta «Eskola Laikoaren alde-Ez matrikulatu zure semea/ alaba erlijioan» kanpainari dagokionez, aipatutako kanpaina abian jarri dugun erakundeok honako hau adierazi nahi dugu:

1. «Eskola Laikoaren alde - Ez matrikulatu zure semea/alaba erlijioan» kanpainaren bitartez, ez dugu inork legez kanpoko ekintzarik egin dezan eskatzen. Erlijioa ikasgaia nahitaez eskaintzekoa da eta borondatez matrikulatzekoa.

2. Ez dugu eskatu ikastetxeetan erlijioa eskaintzeari utz diezaioten. Gurasoei zuzendu gatzaizkie, bereziki sinestunei, hausnarketa egin dezaten eta euren seme-alabak ikasgai horretan ez matrikulatzeko aukera egin dezaten. Hori eskatzea erabat zilegi da. Gotzain, apaiz eta komunitate katolikoko beste kide batzuek kontrakoa eskatzen dutenean bezain zilegi.

3. Eztabaidagaia ez da irakasleen klaustroek ahalmena duten ala ez ikasgai hori ez eskaintzeko erabakia hartzeko. Hezkuntza Sailak dioen bezala, ez dute inola ere ahalmen hori, indarrean dagoen legediari jarraituz.

4. Baina klaustroek badute ahalmena -baita betebeharra ere- heziketan eragina duen edozein gairi buruz hitz egiteko, eta euren ikuspegia jendaurrean azaltzeko, eta hori guztia kasuan-kasuan indarrean dagoen legedia aplikatzearen kaltetan izan gabe. Hala, Ikuskaritzak ikastetxeetako zuzendaritzetara igorritako gutunak dioenaren kontra, inoiz ere ez dugu eskatu «Irakasleen Klaustroan eztabaida dadila ikastetxean erlijioa ikasgaia ez ematearen egitatea».

5. Gehiegikeria deritzogu familiek euren seme-alabak Erlijioan matrikulatzeko duten eskubidea funtsezko eta besterenezintzat hartzeari. Eskubidea da, indarrean dagoen araudi markoan halaxe jasota dagoelako -aipatu gutunak adierazten duen bezala-, eta horregatik soilik. Baina horrek ez du esan nahi legezko aitorpen hori eztabaidagarria ez denik, izatez eztabaidatzen ari ez denik, aldatu ahal edo behar ez denik, eta ez eskubide besterenezintzat (bizitza edo kontzientzi bezalako eskubideak badira izan halakoak) baizik eta oraindik ere Eliza Katolikoak -eta orain beste erlijio batzuek ere bai-, zilegi ez den moduan, duen pribilegiotzat hartu ahal ezin denik. Ikastetxeetan erlijio irakaskuntza konfesionala jasotzea «eskubide besterenezintzat» hartzeak gure inguruko herrialderen bat oinarrizko eskubideak urratzen dituztenen artean kokatuko luke.

6. Gurasoei hausnarketara eta euren seme-alabak erlijioan ez matrikulatzeko aukera egitera gonbidatzean, eztabaida publikoa zabaldu nahi dugu, bai heziketa komunitatean, bai hemendik kanpo, hezkuntzan erlijioak izan beharreko presentzia konfesionalari buruz. Agerian jarri nahi dugu jakituriaren eta fedearen arloak bereiztea komeni dela, hori guztion onerako izango bailitzateke.

7. Ez da egia, Eskola Laiko baten alde kanpainaren kontrako talde batzuek berresten duten bezala, erlijio ikasgaia besteekin parekatu ahal denik. Inola ere ez; eta hori, bestalde, jakin-jakina da hezkuntza komunitate osoan: irakasle horien izendapenen jatorri ezohiko eta zalantzagarritik hasita (apezpikutza) eta ikasgai hori emateko eskatzen diren baldintzekin jarraituta (kristau moralarekin bat egiten duen bizitza pribatua, eliz hierarkiak ulertuta bezala), ikasgai hau ageri-ageriko salbuespen bihurtzen duten ezaugarri askotariko bi baino ez aipatzeagatik. Beste gauza bat da gai hau tabu bihurtu izana, eta de facto isiltasunezko lege bat ezarri izana; izan ere, horren ondorioz, baliteke jende askok beste aldera begiratzea, eta eztabaida honetan sartu nahi ez izatea. Baina, gure aburuz, heldu egin behar zaio eztabaidari, eta lehenbailehen gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo