«Xiru tradizioaren eta sorkuntzaren arteko elkarrizketa bilakatu da hogei urtetan»
Xirularia eta Xiru jaialdiko antolatzailea
Xirulari zuberotarra eta duela hogei urte Xiru jaialdiaren sortzaile izan zenak, gaur egun oraindik segitzen du Gotaine-Irabarne herriari ahots artistikoa ematen dion ekimena antolatzen. Musikariak herria eta tradizioa izan ditu maisu eta egun bera da gaztetxoen irakasle, bai euskara, bai eta musika irakasle ere.
Idoia ERASO | GOTAINE-IRABARNE
Bihar hasiko da Xiberoa aldean, xirularen doinutik abiatuta, arte guztien poesiari bidea irekitzen dion jaialdiaren XX. urteurrena. Gotaine-Irabarneko herriak Xiru jaialdia hartuko du datorren igandera arte; musika, dantza, antzerkia, eskultura eta bestarekin gozatzeko aukera izango da bertan.
Zein izan da Xiru jaialdiaren ibilbidea azken hogei urteotan?
Hogei urte hauek erakusten dute tematzen den afera dugula. Hasi ginen Xiberoako xirulari eta musikariak. Bigarren urtetik aurrera irekiago egin genuen eta kanpoko jendea ekarri genuen. Gero hiru egunetara luzatu genuen. Nik gaztetxoekin lan egiten dut eta lehenbiziko urtetik baditugu ikuskizunak edo proiektuak gazteekin edo haurrekin, eta hari beretik segitzen dugu. Gertatu dena da bilakaera izan duela, nik neuk izan dudan bezala, eta tradizioa eta sorkuntzaren arteko elkarrizketa bilakatu da. Ez litzateke tradiziorik, noizbait ez balitz sorkuntzarik izan, eta alderantziz ere bai, ez dugu ezerezetik sortzen, baina bai garenetik, ezinbestekoa da.
Urteurren hau ospatzeko ohi bezala zuen aztarna utziko duzue obra plastiko batekin?
Ia beti aztarna uztea dugu arrangura; kontzertu bat aztarna bizia da, baina hasi ginen duela bost urte ikusgarriak diren aztarnak uzten Iturzabala izeneko parkean. Hori da nire haur denborako parke kutuna Iribarne auzoko jauregiaren ondoan, Uhaitz bazterrean. Urtero eskultura bat pausatzen hasi ginen. Iaz beste bat pentsatzen hasi ginen, eta Nestor Basterretxea ezagutzen nuenez, hari deitu eta gure proiektua azaldu nion. Gure parkea ikusi zuen eta oso gustuko izan zuen. Gaia «zazpi eta bat» da, nonbait Euskal Herritik abiatu ziren milaka pertsonak. Berak bizi izan zuen bere erraietan hori, Argentinan egon baitzen gazte-gaztetarik diktadura zela-eta. Gure proiektuarekin bat egin, eta zerbait egitea onartu zuen. Egun batzuen buruan nire etxera deitu zuen eta gaztelaniaz erran zuen «Mixel: ¿Hay un herrero en tu pueblo?». Nik erantzun nion: «No hay un herrero. Hay el herrero Mixel Bedaxagar», berarekin badugu artista eta errementaria Urdiñarben, herri ondoan.
Noiz aurkeztuko duzue eskultura?
Larunbatean eginen dugu Iturzabala parkean. Ibilbidea eginen dugu obraz obra, eta omenaldia egiteko geldituko gara. Horretarako, Amaren Alabak talde xiberotarra, Jean Mixel Bedaxagar kantaria, Francis Burguburu eta, bistan da, Nestor Basterretxea bera ere izanen dira.
Mixel Bedaxagar errementari eta kantari izanen duzue beraz?
Bai, berak dioen bezala, kasu horretan bere ofizioa eta artea lotzen baititu, berarentzat poztasun handia da. Izugarrizko ofizioa du sua, ura eta burdina lantzen, baita bere artea lantzen ere. Kantaria da, artista da.
Duela bi urte hasi zineten egitasmo honekin.
Bai, Xirun beti izaten da aitzakia bat edo gai bat, garenari lotua, eta iazkoa «zazpi eta bat, Euskal Herria eta munduko euskaldunak» izan zen. Nestor Basterretxearekin landu genuen proiektu hori, baina ezin izan genuen burutu oso gotorra baitzen gure festibal xumearentzat; nahiz eta Nestorrek obra hori Irabarnen uzteko eskaini zigun. Oso garestia zen materiala eta lana, eta atzeratu egin genuen. Hobeki prestatuz egiazki auzolan eder bat egin da Xiberoan eta baita Euskal Herri mailan ere, eta hori oso pozgarria da guretzat.
Zein da jaialdirako hartu duzuen aurtengo aitzakia?
Lurraldea eta lurraldia, aldi eta eskualde bakoitzean bada istorio bat, eta etorriko den bakoitzak nonbait bere artearekin aipatuko du bere lurraldeko istorio zehatz batean.
Beti ahalegintzen gara gure gauzatxoak sortzen Xiberoan eta «1802» izanen da aurtengoa. Urdiñarbe eta Gotaineko dantzari, kantari eta musikariekin dantza herrikoietik abiatuz sortu dugu. Izenburu horren jatorria honakoa da: urte horretan Paueko prefetak buhame edo ijito guztiak bahitzeko eta preso sartzeko agindua eman zuen Baiona eta Mauleko eskualdeetan, eta 500 hartu zituzten; zaharrak, gazteak eta haurrak ere bai. Hiru urte iraun zuen afera horrek, horietarik asko hil zen bertan. Beti izaten dira itzal-guneak eta hori hartu dugu abiapuntutzat. Filma ere izanen da Mirian Aizagerrek egina.
Kantuak ere izanen du tokia ekimen honetan?
Larunbatean izanen da Lürra Kanta. Topaketa mundiala izanen da, Genoako portuko langileak eta haien aurrean Larraineko bortuko langileak, erran nahi du artzainak, eta bakoitzak bere manera azkarrean bihotzetik datorrena eginen dute. Horien bien arteko zubia egiteko Bedaxagar eta Mixel Arotze xiberotar kantariak izanen dira.
«Zorionak» ere kantatuko diozue Xiruri bere urtebetetzean, ezta?
Larunbatean bukatuko dugu Süarekin, su handi baten inguruan. Badugu konpainia bat Xiberoan eta haiek eginen dute Donostiako jaialdian ikusten ez den sua.
Igandea besta eguna izanen da ondo bukatzeko.
Besta bai, baina beti poesiaz josita. Esaterako, pilota, baina pilota eta pailazo partida. Sei pilotari, lau egiazkoak eta beste biak pailazoak, Xiruko sorkuntza batez beste urte batez, eta berriz hartzen duguna.
«Nestorrek galdetu zidan `¿Hay un herrero en tu pueblo?'. Nik esan nion: `No hay un herrero. El herrero, Mixel Bedaxagar' hori dugu artista eta errementaria»
«Ez litzateke tradiziorik, noizbait sorkuntzarik izan ez balitz, eta alderantziz ere bai, ez dugu ezerezetik sortzen, baina bai garenetik, ezinbestekoa da»