GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Sanzen iritzian ere, PSEren eta PPren arteko akordioa erabaki judizial baten ondorioa da

PSEk eta PPk atzo goizean sinatu zuten Patxi Lopezi Lehendakaritzako atea zabaldu dion akordioa. Testuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartearen izenean hitz egiten du eta haren zatiketa gainditzeko asmoa du. Eman lezake alderdi horiek sinetsita daudela sustatu zuten iruzurra -eta Gasteizko Legebiltzarreko gainerako alderdiek hauteskundeak baino lehen ontzat jo zutena- herritarren borondatearen ondorio dela. Hartara, gizartearen erabakitzeko eskubidea onartzen ez dutenek, herritar gehienen borondatea ordezkatzen duten indarrak gutxi baitira antza, aski dute «gehiengo» txikiago bat, gutxiengoa alegia, beren proiektua «gizarteak eskatzen duelako» aurrera ateratzeko. Seguru asko beraiek ere ez dute sinesten, baina besteei sinetsarazi nahi diete. Hala ere, kontuan izan beharko lukete iruzur egitea ez dela garbi jokatzea. Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek akordioa txalotu du, baina argi ikusi du bistan dena. Atzo esan zuenez, PSE eta PPk osatzen duten «gehiengoa» ez da hiru herrialde horietako herritarren biraketa soziologiko baten ondorio, «erabaki judizial» baten ondorio baizik. Kontuan izan beharko lukete, Sanzi kasu egitearren besterik ez bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo