GARA > Idatzia > > Kultura

Joxe Lizaso hil da, kantuan azkarra bezain jendetasun handiko bertsolaria

Atzo arratsaldean hil zen Joxe Lizaso bertsolaria, etxean zegoela, ebakuntza jasan berri. 82 urte zituen eta berriak belaunaldi ezberdinetako bertsolariak ez ezik, bertsozale guztiak ere tristatu zituen, gutxi baitira hark bezala jendea gozarazten zekiten bertsolariak. Gaur arratsaldeko zazpi eta erdietan egingo da haren aldeko hileta Azpeitiko parrokian.

p039_f01_199x120.jpg

Joxean AGIRRE | DONOSTIA

Joxe Lizaso hil zen atzo, joan den mendearen bigarren erdiak eman duen bertsolari handienetako bat. Hirurogei urte eman zituen plazarik plaza. Belaunaldi pare baten maisu izan da, gazteagoek urrien zituzten dohainak baitzituen soberan, azkartasuna, gaiztakeria puntua eta entzun eta azkar erantzuteko gaitasuna. Zepai, Uztapide eta Baserriren garaia ezagutu zuen, Lazkano, Agirre eta beste zenbait kiderekin ibili zen herriz herriz eta gazteagoekin maiz kantatu zuen 1990eko hamarkadako jaialdietan.

Azkarrean, txapeldun

Bertsozaleen artean askotan esaten zen azkarrean zela txapeldun. Denbora gutxian zeinek bertso on gehiago bota txapelketarik eratu izan balitz, Joxe zatekeen txapeldun. Ondokoak azken oina kantatu baino lehen hasi ohi zen askotan erantzuten. Lagunartean ikasi zuen bertsotan eta etorri handiko bertsolaria izan da beti. Ez zituen txapel asko etxean, baina bertsozale askorentzat bera zen txapeldun gauza askotan, ez bakarrik etorrian, baita jendetasunean ere, agertokitik jaitsi ondorengo plazako giroan.

Kontalari aparta, jendearekin tratu berokoa, azken urteotan adinagatik eta bistarekin arazoak ere bazituelako, plazetatik erretiraturik zebilen. Orain bi aste egin zioten ebakuntza baten ondorioak gainditzeko ohean zegoen hil denean.

Joxe Lizaso 1927ko martxoaren 10ean jaio zen Azpeitiko Enparan kalean. Urte txarrak ziren haiek eta oinez ikasterako amaren baserrira eraman zuten, Odria auzoko Saberrira, eta baserri horretan eman zuen gaztaroa, Txapel eta Zepai bertsolariak jaio ziren baserrietatik gertu. Berak askotan esaten zuen giro horretan bertsolari izatea ez zela miraria, ez izatea baizik.

Igandetan goizean goiz meza entzun, baserriko lanak egin eta auzoko erromerietara joaten hasi zen Joxe gaztea zela eta erromeria horien ondoren tabernan biltzen ziren lagunen artean hasi zen bertsotan ere. Itumetako erromerian bereziki Zepairekin egiten zuen topo. Edadez zaharragoa, mundu gehiago ikusia ere bai, harekin asko ikasi zuen, baina askoz ere gehiago Uztapiderekin. Zepai Uztapiderekin sarri ibiltzen zen orduan. Uztapidek eztarria erabat urraturik zuen egun batean, Gaintxurizketara eraman zuen Zepaik eta han egin zuen debuta. 17 urte bakarrik zituen artean. Hamalaurekin hasi zen Itumetako tabernan kantuan eta hiru urtean ikasi zituen ikasgaiak.

Soldaduska egin eta laster hasi zen alde batetik bestera motorrean ibiltzen. Ducati horren gainean ibili omen zituen hainbat aldiz Mitxelena eta Baserri.

Etorri handikoa izanik, ez zuen jaialdietan gozatzen. 90. urteetan etengabe egiten ziren jaialdi handi haietan askotan jartzen zuten gazteagoen ondoan, baina berea ez zen inoiz dozena bat bertso kantatzea izan, plazan edo mahai baten ertzean aspertu arte jardutea baizik.

Askok bere bertsokera landu gabea zela pentsa dezakete, baina ez da inolaz ere horrela, etorririk ez baitago aldez aurretik lanik egin gabe. Hori bai, bertsolaritza elkarrizketa bat zen garaiko bertsolaria zen. Gauak pasatzen zituzten bertsotan, batek handia bota eta besteak handiagoa erantzun. 1960ko hamarkadaren hasieran egon zen Azpeitiko Landeta auzoan ahozkotasunaren eskola bat. Joxe Lizasoren tabernan biltzen ziren afari-merienda bat egiteko aitzakian Joxe Lizaso bera, Imanol Lazkano eta inguruko auzoetako jenderik bromazaleena. Juli emazteak jartzen zuen afaria eta afaltiarrak kontu-kontari aritzen ziren. Hori zen bi bertsolari handi horientzat entrenamendua. Hor doktoratu ziren Imanol eta Joxe, «Landetako Unibertsitatea»n alegia, hizketan jakitea ere garrantzitsua baita bertsolari batentzat. Bertsolari gisa ez zuen txapel askorik bildu. Soldadu joan aurretik eta beste batek izena emanda Gipuzkoako kanporaketa bitan parte hartu zuen, eta Zarauzko finalean. Gehiagotan ere egin zuen proba. Baina txapelketako bertsolaria izan ez bera, eta, ordainetan bere semeak, Sebastianek Euskal Herrikoa jantzi zuen. Oso gerora arte ibili izan da bertsotan. Bistatik kexatzen zen lanetik erretiratu eta gero, eta horrek ere behartu zuen plazetatik ere pixka bat erretiratzera. Aldakako ebakuntza bat izan du berriki, eta etxean zegoen hil denean.

Gaur arratsaldeko zazpi eta erdietan egingo da haren aldeko hileta Azpeitiko parrokian. Hiru bat belaunalditako bertsolariak eta bera maite izan duten bertsozaleak izango ditu agurrean.

LUZEAN ONA

Etorri handikoa izaki, ez zuen jaialdietan gozatzen. 1990eko hamarkadan etengabe egiten ziren jaialdietan dozena bat bertso kantatu ohi zituen bertsolari bakoitzak, eta berak nahiago zuen aspertu arte jardutea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo