GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal haur eta gazte literatura elkarlanera behartuta, biziraun nahi badu

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. IBBYk (International Board on Books for Young People) antolatuta, aurtengoan Hani D. El-Masri egiptoarraren «Ni naiz mundua» mezua zabalduko da. Egun hau aitzakiatzat hartuta, hainbat argitaletxeri euskal haur eta gazte literaturaren osasunaren inguruan galdegin diegu. Hainbat hitzarmeni esker, oraindik sasoiko dago, baina hasi da krisiaren lehenengo zantzuak nabaritzen.

p041_f02_97x124.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Hans Christian Andersen idazle danimarkarra gaurko egunez jaio zen 1805. urtean. «Ahatetxo itsusia» eta beste hainbat istorio utzi zizkigunaren omenez, urtero apirilaren 2an egiten den bezala, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur. Guk Euskal Herriko hainbat argitaletxeri galdetu diegu haur eta gazte literaturari buruz.

Bizenta Mogel izan zen «Ipui Onac» (1804) liburuarekin haur literaturari euskaraz ekin zion lehena. Bi mende hauetan goitik behera aldatu da egoera. Diktadurak ezarritako debekuaren ostean, 80-90eko hamarkadetan, aro berri bat ireki zen euskaraz idatzitako liburuen merkatuan. Eskaria izugarri hazi zen urte horietan, batez ere, ikastolak eta D eredua zabaltzearekin batera: urtean 6-10 liburu argitaratzetik, 300 lan argitaratzera pasa ziren hasieran, eta kopuru horrek gora egin du etengabe. Momentu honetan, argitaletxeek euskaraz argitaratzen dutenaren %25 eta %40ren artean kokatzen da haur eta gazte literatura, eta gozoki tentagarria bihurtu da argitaletxe askorentzat. Pamielako Pello Elzabururen esanetan, «Estatu espainiarreko argitaletxeak ere sartu dira eta badute jadanik euren euskarazko marka propioa -Santillana-Zubia, Edebe-Giltza, Anaya-Haritza...-. Eskaintzak gora egin du eta gure obligazioa, bizirik irauteko behintzat, errentagarriak izatea da».

Gehien ekoizten diren liburuak txikienei zuzendutakoak dira, hamar edo hamabi urte bitartekoentzat. Hauek jatorriz euskal idazleek idatzitakoak dira ia ehuneko ehunean. Hutsunea nerabeei zuzendutako euskarazko liburuen ekoizpenean dago ordea, eta itzulpenetara jo behar izaten dute. Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoaren esanetan, «gurean badago halako inertzia bat itzulpenen kontrakoa. Jatorriz euskaraz idatzitakoari balio erantsi bat batzen zaio. Nire ustez, kalitateari eta hizkuntzari, hau da, euskarari begiratu behar zaio. Kontua da gazteak non aukeratu eduki nahi duela eta hemengo idazleak ez dira nahikoa». Alberdania argitaletxean, mende honen hasieran hasi ziren itzulpenekin eta Inaxio Mujikak adierazi zuenez, «asko hazi da itzulpenen ekoizpena, euskarazko jatorrizkoen bikoitza gutxi gorabehera». Elkar-eko Olatz Osak ere itzulpen horien beharra nabarmendu zuen, «garrantzitsua da euskaraz adin horri begirako produkzio erakargarria eskaintzea. Hemen sortzen denaren osagarri eta aberasgarri da».

Krisia

Argitaletxe gehienak bat datoz krisi ekonomikoaren ondorioak zein izango diren jakiteko oraindik goizegi dela adierazterakoan. Olatz Osak dio arazoa liburuen bideragarritasunetik etor litekeela: «Liburuen tiradak azken urteetan beheranzko joera du, horrek zaildu egiten du liburuaren bideragarritasuna, aleko kostuak garestitzen direlako eta marjinak asko estutzen direlako, gure kasuan, euskarazko merkatuan, eutsi ezinezko neurrietaraino».

Pello Elzaburuk ere kontsumo aldetik oraindik ez dutela krisia nabaritu azaldu zuen baina, antza, lehenengo zantzuak iritsi dira industriara, «gure Bartzelonako banatzaile batek itxi egin behar izan du, adibidez». Iñaki Aldekoak gogoratu zuen liburu bat irakurtzea oso merkea dela, «azken batean liburu bat irakurtzen duzun bitartean ez duzu dirurik gastatzen. Oporretara Londresera joatea edo nobela bat irakurtzea, argi dago zer den merkeagoa. Argi dago, ordea, jateko dirurik ez duenak ez duela liburu bat erosiko».

Formula errentagarriak

Jakina da haurrentzako liburuetan koloreek eta irudiek duten garrantzia, eta horixe da, hain zuzen, argitalpenaren gastuak areagotzen dituena. Bestalde, errotatiba martxan jartzeak kostu finko batzuk ditu eta, argi dago, zenbat eta ale gehiago inprimatu, orduan eta merkeagoa izango da bakoitza. Pamielak, esate baterako, azken urtean album ilustratuak argitaratzearen alde apustu egin du. Horretarako, Etxepare Saria sortu zuen bertako proiektuak aurrera eramateko eta euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz argitaratzen ditu.

Baterako argitalpenak gero eta gehiago dira arrazoi horregatik. Pello Elzaburuk azaldu zigunez, «eskubideak erosten dira, batez ere, Alemanian eta Estatu frantziarrean, eta baita Txinan ere, gero eta gehiago. Horrela bakarrik da posible liburu errentagarriak argitaratzea». Olatz Osak ere formula bera erabiltzen dutela adierazi zuen, «Elkar taldeko Ttarttalo argitaletxeak, esaterako, haurren produkzioa kanpoko argitaletxeekin hitzarmenak lotuz, hau da, tiradak batuz lan egiten du. Horrela ahalbidetu liteke euskaraz soilik argitaratzea ezinezkoa litzatekeen liburu mota bat euskaraz ere argitaratzea».

Kalitateari eustea da argitaletxeek aurrera begira duten beste erronketako bat. Elzabururen esanetan, «hizkuntza txikia gara eta gainera bi hizkuntza ditugu eskura. Ezin ditugu txapuzak egin, irakurleak bi hizkuntzetan duen liburu bera konparatuko baitu. Beraz, kalitatea eta prezioa parekatu behar ditugu, guri garestiago irten arren».

Herri txikia izan arren, euskal idazleen lanak, haur eta gazte literaturan ere, pixkanaka nazioartean ezagutarazten ari dira. Kalitatez eta ekonomikoki esportagarriak badira, denbora kontua izango omen da.

ALDAKETA

Orain arte eskariak gora egin du, D ereduarekin batera. Ikusteko dago gobernu aldaketak zein eragin izango duen euskarazko haurrentzako liburuetan.

HITZARMENAK

Hainbat argitaletxerekin eta hainbat hizkuntzatan tiradak batuz egiten da lan. Horrela soilik ahalbidetu daiteke zenbait liburu euskaraz argitaratzea eta errentagarria izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo