Emir Kusturica Euskal Herria Zuzenean jaialdian izango da uztailaren hasieran
GARA | HELETA
Emir Kusturica zinema zuzendari ospetsua Euskal Herria Zuzenean jaialdiko hamalaugarren edizioan izango da aurten, berak gidatzen duen No Smoking Orchestra ezagunarekin batera. Bestalde, aurten Zuberoa utziko duen jaialdiak apirilaren bukaera aldera iragarriko du uztailaren 2, 3 eta 4an Nafarroa Behereko Heleta bilgune izango duen jaialdiko egitarau osoa.
Orain berrogeita hamabost urte Sarajevon jaioa, antzezle, gidoilari eta zuzendaria dugu Emir Kusturica serbiarra. Ikonoklasta, engaiatu eta inkonformista, besteak beste «Underground», «Katu beltza katu zuria», «Ijitoen garaia» edo «Maradona» filmak zuzendu ditu zineman, 1978an «Guernica» izeneko film laburrarekin debuta egin ostean.
Musikari dagokionez, Nele Karajilicek bultzatuta Sarajevon sortu zen No Smoking Orchestraren lagun egin eta noizbehinka beraiekin baxua jotzen hasi zen. Balkanetako gatazkak bitan banatu zuen taldea, eta zenbait musikari Bosnian geratu ziren bitartean, Kusturicak aurrera egin zuen Serbian buhame doinuak landuz, Nele Karajilic abeslariarekin eta Dejan Sparavalo biolinistarekin batera, besteak beste bere film batzuetako soinu bandak garatzeko. Iaz Bilbon izan ostean, Euskal Herrira itzuliko dira uztailean, Heleta herrira.
Elektrotasuna II
Festibala heldu bitartean, Elektrotasuna gaualdiak burutzen ari da Euskal Herria Zuzenean, arrakasta handiz, musika elektronikoari tokia eginez. Orain hiru aste bigarren gaualdia egin zuten Hazparnen, eta mila eta seiehun lagun bildu ziren bertara.