GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Habene Vitas Cartago Iruñea

Korrikaren alde, AEK aurrera askatasunez!

Amaiur du izena nire laguntxoak eta Korrikan parte hartu zuen emozioz beterik. Hamaika urte dituen iruindar hau jatorra, zintzoa eta euskal preso baten iloba da. Nik Eguzki Irratiak Interneten eskegi dituen argazkien artean ikusi nuen eta irudiaren kopia bat egin nion. Berak asko eskertu zidan eta adiskideekin harro-harro azaldu zen. Amaiurren familiak erosi duen kilometroan osaba presoaren argazkia zeramaten lekukoaren ondoan, eta nik ez nuen ezer arraroa sumatu. Nola ez dute ba eramango? Bihotzean zein argazkian, besterik ezean!

Euskara ez dela beste kontuekin lotu behar esaten denean, ni ados egon ninteke, baina ez nator bat egun hauetan Korrikaren antolatzaileei leporatu zaienarekin, hots: euskal preso politikoen argazkiak lasterketan zehar agertzeagatik debekatu ez izana. Antolatzaileek nola galarazi behar diote jendeari beraien senide eta adiskideen argazkiak eramatea. Korrika lasterketa librea da, integratzailea eta ororen eremu irekia. Ikusi bestela aurtengo leloa: «Ongi etorri!». Nafarroako Gobernuari esan nahi diot ez duela lotsarik, berak euskararen alde jo beharrean, gizartearen mutur ezagun batekin ongi gelditzeko jokatzen duela eta konfrontazioa berak pizten duela. AEK-k, berriz, beste talde batzuekin batera izugarrizko lana egiten du euskararen normalizaziorako oztopo guztien gainetik. Nafarroako Gobernuari eskatzen diot AEKri diru laguntza handitzea eta Euskarabideak erosi duen kilometroa ordaintzea, nafar guztion zergak euskaldunenak ere badirelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo