Sakabanaketa, helburu politikotik mendekura
Duela 20 urte Gobernu espainolak euskal preso politiko guztiak Estatuko kartzeletan zehar sakabanatzeari ekin zion. Artean «gizarteratze» neurriak indarrean zirela, euskal presoen kolektiboa zatitzea zuen helburu, hartarako presoak elkarrengandik urrundu besterik egin behar ez zutelakoan, kolektibo hori batasun fisiko hutsa balitz bezala. Zuzenbide estatuaren izenean, helburu politiko hori lortzeko, espetxe arautegiak berak aholkatzen duenaren kontrako bitartekoa erabiltzea bitxia gertatzen da; baina bitxiago -eta krudelago- espetxe politika hark presoen eskubideak ez ezik, haien senideenak ere urratzea. Izan ere, presoren baten senide izatearen «delituagatik», kalte ekonomiko ikaragarriari aurre egin beharko zioten. Astero milaka kilometro egin beharko zituzten beren senideak ikusteko. Baina dirua ez ezik, zigor horrek 16 senideren bizia ere eraman du. Hogei urte joan dira eta 750 euskal preso sakabanatuta daude Estatu espainiarreko eta frantziarreko kartzeletan, are kartzeletako moduluetan ere barreiatuta. Beste hainbeste familiak zigor zital hori sufritzen jarraitzen dute. Atzo preso ohiek begi-bistan dagoena nabarmendu zuten: sakabanaketak porrot egin du, ez du bere helburu politikoa lortu. Halere, kalte eta min handia eragiten jarraitzen du. Beraz, egun zein da sakabanaketaren helburua? Erantzuna ez dago mendekutik urrun, nonbait.