GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Apirilaren joan-etorriak

Pello ZABALA

Eguraldian aditua

Aspaldikoa ei du «apiril» izena. Erromatarrek aprilis deitu zioten, Ovidiok adierazten digunez. Aperire aditzak zabaltzea/irekitzea esan nahi du eta, aise antzematen zaio, hilabete hau udaberriaren irekitze-zabaltze oparoena zekarrena zela. Horrelaxe da naturaren leiho eta ate, goi eta behe nahiz aldamen edozeinetara begira kokatzen bagara: egunetik egunera zabaldu ere, zeru gaina hodei-tapakirik gabe ageri bada. «Apiriltasun» edo zabaltasun horri begira dator, beraz, apirila. «April» eta «apiribil» ere deitu zioten, iparraldean bezala Nafarroa aldean. Oparotasunaren seinale, hor daukagu aspaldiko atsotitza: «Apirilaren azkenien, ostua aitzganien».

Ez dago esan beharrik gure terrenoetan jorraiak eta zopizartu beharrak sortzen zuen lan generoagatik, sasoi honi bezala, martxoaren tarte zabal bati ere «jorraila» deitu geniola. Guretzako lainekoa eta balekoa den eran, ez kanpokoentzat eta gerokoentzat: izenaren labore zentzua galdua dute dagoeneko. Jorraia zer den nekez daki kaletar gazte batek. Ikusi ere, inoiz izatekotan, makineria ikusiko baitu puzka batean. Lurra xehetu bai, baina baita airea kutsatu ere.

«Opea» eta «opeila» ere deitzen zaio. «Nunbait antzinan ere artzaiak orain bezela, negua igaro zala-ta, beren arkumetxoak, bai eleizari, bai laguneri eskeintzen bait zizkien». Halaxe topatu dut Arantzazuko Egutegian, aspaldi noski, 1962ko apiril hasieran.

Inoiz otsailarekin nahastu ere bai, Baionan argitaraturiko «Jesusen bihotz sacratuaren alderaco deboçionearen Exerçiçio izpiritualac» liburuxkan, non argiro seinalatzen digun «Presuna ezkonduen kongregazioneak zelebratuko du bere besta berezia ganderailu egunean (Aphirilaren bian)». Noski, aspalditik da Ganderailu eguna otsailaren 2a.

Nolanahi ere, zuek ez ahaztu Uztapide zenak gogoratu ziguna: Apirilian ziza zuriak jaiotzen dira aurrena. Ez galdu. On egin dagizuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo