GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Korrika 16

Herriz herri, kaleak jendez lepo, Gipuzkoa aldean

Dagoeneko hiru egun baino ez dira gelditzen Korrika Gasteizera iritsi, eta bi urte barrura arte agur esan diezagun. Gipuzkoako herri asko zain ziren errepidera atera eta korrika egiteko, eta hala, atzokoan milaka pertsonek lehertu egin zuten korrikaldia, hamaika herritako kaleak kolore eta aldarrikapenez betez. D Zortzi pertsonako bi lan talde, eta bederatzi kazetari, Tuteran hasi eta Gasteizeraino bidean barrena dabiltza Korrikarekin. Lan taldeek 14 orduko txandetan, Korrikak behar bezala funtziona dezan eta arazorik gabe aurrera joan dadin bermatzen dute, besteak beste.

p021_f06.jpg

Amaia ZURUTUZA

Egungo gizartea indibidualista dela esaten dute askok eta askok. Bada, hala bada, AEK-k Korrika antolatzen egiten duen lana benetan arrakastatsua dela esan liteke. Milaka eta milaka pertsonaren parte hartzea oinarri duen ekimena aurrera ateratzen du AEK-k eta, are gehiago, arrakasta du, doan lekura doala, poza, irrika eta ilusio sortzaile baita. Atzoko eguna horren erakusgarri izan zen beste behin ere. Sakanan arrakasta, eta Gipuzkoan zer esanik ez. Milaka eta milaka gipuzkoar atera ziren atzo kalera, Korrikara, hankak astintzera, oihu egitera, euren herriak irauliz, egunerokotasuna apurtuz, minutu batzuetan bada ere. Eta ezin ahaztu, bestela ez bailuke zentzurik Korrikak, guztia, milaka pertsona horien atxikimendua, euskararekikoa dela. Euskarak iraultzen ditu herriak.

Araba agurtu eta Sakanan murgildu zen 16. Korrika atzo, 8. eguna betetzen zuenean. Altsasun, Etxarrin nahiz Lakuntzan, gauaren iluntasunean jende askok, ehunka lagunek, bete zituzten kaleak goizeko ordu txikiak izan arren.

Ataunen

Jarraian Korrikaren zain gogotsu zirela erakutsi zuten Gipuzkoarrek. Milaka pertsonak, gazteen presentzia oso handia zela, baita umeena ere, Gipuzkoako herri gehienetako kaleak aztoratu zituzten. Estreinaldia berezia izan zen gainera, 05.30 aldera, Lizarrustiko gainetik behera, 100 bat korrikalariko taldearekin, Korrika Ataunen sartu baitzen, azken 20 urteetan ez bezala. Eta tamainako erantzuna eman zioten herritarrek. Lazkao, Idiazabal eta Seguratik goizaldean igaro zen. Atzetik etorri ziren Beasain, Ordizia, Arama, Itsasondo eta Legorreta. Eta hitz batek laburbildu dezake Korrikaren presentziak Goierrira ekarri zuena: jendetza. Benetako jendetza, kale bazterrean zain, gazte eta ume ugari, eskola garaia izanik denak batera atera baitziren euskararen alde korrika egitera. Eta beste horrenbeste jende kalean, espaloietan txaloka eta txaloka. Gutxi izango ziren atzokoan Korrikak zeharkatu zituen herrietako bizilagunen artean Korrikaren presentziaz ohartu ez zirenak. Hala, balkoietan jende mordoa ikusi genuen, baita lantokien kanpoaldeetan ere, txaloka eta irribarretsu.

Ume eta gazte asko

Tolosaldeko bizilagunak ez ziren, ez, atzean gelditu eta haiek ere kalera salto egin zuten. Ordu politean sartu zen Korrika eskualdean. Esan liteke ordutegiaren arabera argazki ezberdina dakarrela Korrikak. Eta atzokoan Tolosaldeko ehunka ume eta gazte, ikastolako gela txikienetatik hasi eta instituturaino, eskola orduak eten eta Korrikan murgildu ziren.

Hainbatetan errepikatu zen irudia izan zen kale bazterrean ziren ume talde handiena, bata bestearen atzetik. Taldeak bereizturik ziren gainera asko- tan; txikienak peto laranjare-kin, beste batzuk urdinarekin eta besteak gorriarekin. Edota Ikastolako txandalarekin handixeagoak. Txikienak, 2-3 urteko umeak, irribarretsu zeuden, baina baziren harrituta begiratzen zutenak ere, hura zer zen ulertzen ez zuten txikitxoak. Handixeagoak, asko eta asko aztoratuta ibili ziren, irrika ezin kontrolatu. Pozik, saltoka eta oihuka.

Beste protagonista nagusiak gazteak izan ziren, asko aldarrikapen honekin edo bestearekin soinean. Gazteak dira, bestalde, tarte luzean korrika aritzen direnak, herri arteko errepideetan barrena esaterako. Tolosatik Villabonarako tartean esaterako, 300 bat lagun ibili ziren, tartean gazte asko. Baina noski, ez dira bakarrak eta helduak ere ikusten dira Korrikan han eta hemen.

Yanellen eredua

Andoainen, eguerdian beste hainbeste; jende gehiago eta gehiago. Urnietan edo Lasarte-Orian bezala. Lasarten momentu polita izan zen Korrikako 1668. kilometroa. Pirritx eta Porrotx pailazoei zegokien bertan kilometroa hartzea. Gure herriko umeek biziki maitatzen dituzten pailazoek ordea, lekuko eramalea aldatzea erabaki zuten. Azkenean, kilometro hori Yanelle, Afrikako Benin estatuko neskatilak eraman zuen. Yanellek bost hilabete daramatza gure herrian. Ebakuntza bat egin ziezaioten etorri zen hona, eta Porrotxek azaldu zuenez, bitartarte horretan euskara ikasi du. Bi pailazoek lekukoa Yanellek eramatea erabaki zuten, nolabait, euskara nahi duenak ikas dezakeela aldarrikatzeko, eta 16. Korrikak egiten duen bezala gure herrian euskaraz bizi nahi duten guztiei ongi etorria emateko, baita Yanelle-i ere.

Takolok beste mezu bat ere zabaldu zigun kazetariei, hain zuzen ere, gurasoei egin zien dei euskara ikas dezaten, posible delako, Yanellek erakutsi duen moduan, eta bestetik, esan zuenez, garrantzitsua delako gurasoek euskaraz jakitea umeak euskaldundu daitezen, ume euskaldun eta euskalzaleak sor daitezen, azken batean jendarte euskaldun bat sor dadin. «Gurasoak umeen eredu dira», esan zuen.

Itsasoa berriz ere bisitatzeko gogotsu zegoen Korrika. Orio izan zen atzo; larunbatean Donostia izan baitzen, euskararen aldeko martxak itsasertzean zeharkatu zuen lehen herria. Eta beste behin ere jendetza eta jendetza eta jendetza! Orio eta Zarautz arteko mendia zeharkatu ostean, Zarauzko herritarrak ere prest ziren euskarari beren atxikimendua adierazteko. Bidean aurrera, Getariarako bidean irudi ederrak ikusi genituen, bai. Halako silueta kurbaduna duen errepidean, lerro zuzen kurbadun bat osatuz, 300 bat lagunek, korrika, ingurua kolorez bete zuten, atzealdean, itsaso urdin eta zabala zutela, eta «Euskal Herrian euskaraz!» leloa lau haizetara zabalduz.

Zumaian Jon Maia bertsolariak hartu zuen lekukoa eta Korrikako furgonetara igo eta bertso pare bat ere bota zituen. Hala zioen bigarrenak: «Ehundaka personak ongi etorria/ hau da gure herria ta indar berria/ gauza denen gainetik badakigu ia/ euskararen herria da Euskal Herria».

Azpeitian, bestalde, herenegun zendu zen Joxe Lizaso bertsolaria omendu zuten Korrika herritik igaro zenean.

Gaur Bizkaia aldean izango da lasterketa, eta ia ziur, gaur ere ez dela jende faltarik izango errepideetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo