GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Isiltasunaren mintzoa

XX. mendeko genozidio handiak (Kongokoa, armeniarra, nazienak, stalinismoarenak, Indonesiakoa, Kanputxeakoa) heldu arte, gure munduak egin eta nozitu duen basakeria beldurgarrienetako bat izan zen, zalantzarik gabe, moriskoena

Edozein txoropito edonolako huskeriagatik edonor Hitlerrekin, naziekin eta abarrekin kidetzeko gai deneko ingurumari hauetan... zein deigarria, eskandalagarria egiten den egun hauetan «entzun» daitekeen isiltasuna. Entzun behar litzatekeenaren hutsuneak uzten duen adimen-mina sentitzeko gauza garenontzat, agian.

1609an -oraintxe betetzen dira laurehun urte, beraz- hasi baitzen Aro Modernoan Europa Mendebaldean jazotako lehen genozidio handiaren fase erabakigarria. Herri oso bat, moriskoak, aurreko belaunaldietan derrigorrean kristautuak, lehendik hizkuntza, jantzi eta ohituretan era guztietako debekuak eta bidegabekeriak pairatutakoak, hurrupaketa ekonomiko eta zapalkuntza sozial hitsa jasandakoak, erbestera deportatu zituen indarrez Felipe III.aren erregimen elizkoi bihozgabeak. Ondasunak ebatsita, animalien moduan garraiatu eta itsasontzietara sarrarazita, inolako bizibiderik gabeko lekuetan abandonatuta uzteko, Ipar Afrikan gehienetan. Haur, zahar, emakume nahiz gizaseme. 120.000 bat Valentziatik, 60.000 Aragoitik, 45.000 Gaztela eta Extremaduratik, 30.000 Andaluziatik, 15.000 Murtziatik...

XX. mendeko genozidio handiak (Kongokoa, armeniarra, nazienak, stalinismoarenak, Indonesiakoa, Kanputxeakoa) heldu arte, gure munduak egin eta nozitu duen basakeria beldurgarrienetako bat izan zen, zalantzarik gabe, moriskoena. Ehun eta hamazazpi urte lehenago Gaztelako juduekin egindakoa ere oso motz utzi zuena. Espainiar historiografiak usu «expulsión» deitu badu ere, herri oso baten deportazio huts eta hitsa izan zelako, geroago etorriko ziren hainbaten aurrekaria. Deportazio haren aurkako matxinadetan, bideko trantze gaiztoetan edota erbesteko kinka latzetan hil ziren moriskoetako asko, genoziden poztasunerako eta begiraleen indiferentziarako. Eta «etnikoki garbituta» geratu zen Iberiar Penintsula (behar adina ez, pentsa dezakete batzuek gaur egun).

Bada bidegabekeria gogoangarri horren mendeurren biribila isiltasunik deigarrienean hasi da Espainian. Hiruzpalau ekitaldi, akademikoak ia erabat, badaude iragarrita, ondare andalustarra, kultura arabiarra edota mundu islamiarrarekiko harremanak lantzen dituzten erakunde eta taldeen eskutik... Eta hortik aurrera, hitzik ere ez! Zapateroren Zibilizazioen Aliantzaren ingurumenean, bere garaian judu sefardiei egin zitzaienaren antzera, moriskoen ondorengoei espainiar naziotasuna (berr)aitortzeko asmoak ere haizeak eraman dituela dirudi. Tabu bihurtu da gaia, nonbait.

Nola interpretatu behar ote isiltasun hau? Ahanztura behintzat ez dela ziur nagoenez, iraganera begira ipintzea argigarria izan daitekeelakoan, duela ehun urte inguru gertatu zena bururatzen zait: «erregenerazismoak», edo zena zelakoak, moriskoen erbesteratzeaz zuen ikuspegi kritiko samarrari gain hartu ziola Canovas, Menendez Pelayo, Boronat eta abarren apologia lotsagarriak. Orain, agian, gizateriaren aurkako krimen haren apologistek erreparo gehixeago eduki dezakete, delitu izatetik hurbil legokeelako; eta hortik erator daiteke halakoen isiltasuna.

Inondik ere ulertzen ez dudana kritikoen inhibizioa da. Erabat desagertu ote dira?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo