Eusko Ganberek egoerak okerrera egingo duela diote
Eusko Ganberek iragarri dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiak okerrera egingo du aurten. «EAEn laster hasiko gara atzeraldiaren ondorioak ikusten, orain arte halakorik espero ez bazen ere», esan dute Eusko Ganberek.GARA |
«Krisia beranduago hasi izanak ez ditu bere ondorioak arindu, eta bete-betean eragingo du sektore guztietan; izan ere, gogor eragingo dio eraikuntzari, gero industriari eta apur bat gutxiago zerbitzuei», adierazi dute Eusko Ganberek.
Eusko Ganberen iritziz, «bereziki arduratzekoa» da industriaren produkzio indizearen atzeraldia. 2008ko abendua eta 2009ko urtarrila artean, %21,4ko eta %22,7ko jaitsierak erregistratu dira, hurrenez hurren, «orain arte inoiz ezagutu ez ditugun tamainako zifrak».
Jarduera murriztearen arrazoi nagusia industriako eskaera zorroak jasandako beheraldia da, joan den urtean batez beste enpresa industrialen %35era iritsi baitzen, Eusko Ganberek egiten duten inkestaren arabera.
Halaber, ikerketa honetan ikus daiteke industriaren konfiantza indizea izugarri jaisten ari dela eta %-31n kokatu dela. 2008. urte amaieran arindu egin da apur bat jaitsiera hori, biltegiratutakoak hazi egin dira eta baita produkzio perspektibak ere, baina, dena den, eskaera zorroak beheranzko joera izaten jarraitu du.
Nahiz eta zerbitzuen bilakaera «oro har positiboa» izan, merkatari txikizkarien sektoreak ez du joerarekin bat egiten, salmentak %2,3 jaitsi baitziren. .
Bestalde, inbertsioak ikaragarri jaitsi direla nabarmendu dute Eusko Ganberek. Horrela, hiru hilabetetan %1,8koa izatetik %-2,2raino jasitsi da. Eraikuntzaren bilakaerak baldintzatzen du egoera hau, nahiz eta ekipo ondasunen inbertsioak ere aldaketa tasa murriztu duen, produkzioa gutxiago hazi baita eta baita ibilgailu industrialen matrikulazioa ere.
Era berean, langabezia tasa nabarmen hazi da eta lanpostu suntsiketak sektore guztietan eragiten du, bereziki eraikuntzan eta industrian. Era berean, krisiaren eragin negatiboak zuzen-zuzenean eragiten diote EAEko lan merkatuari. 2009ko lehen hilabeteetako datuak ere ez dira baikorrak, langabezia tasa igo egin da eta Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopurua, berriz, asko jaitsi da.
Garapen ekonomikoaren aldaketari buruzko aurreikuspenak gero eta gehiago atzeratzen diren arren, analisi askok lehen zantzu positiboak 2010 erdi aldera hasiko direla iragartzen dute Eusko Ganberek adierazi dutenez. «Hori horrela izango da, baldin eta industria eta higiezinen sektoreak beren egoera egokitzen badute, finantza-baldintzak normaltzen badira eta ekonomiak konfiantza falta egoera gainditzen badu. Izan ere, horren ondorioz hartutako neurriak ez dira emaitza onak ematen ari eta, beraz, ezinbesteko baldintza da krisi ekonomikoak indarra galtzea pixkanaka suspertzen has dadin», azaldu dute.