GARA > Idatzia > > Ekonomia

Estatuak azterketa juridiko sakona egiteko jarri du helegitea EHLGren epaiaren aurka

Arantxa MANTEROLA |

Inork gutxi espero zuen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzian Baionako epaitegiaren deliberoari helegitea tartekatuko ziotenik. Alta, azken egunera arte itxaron badu ere, Fiskaltzak astelehenean aurkeztu zuen errekurtsoa, EHLGren kideengan ez ezik, hainbat eragileen artean ere harridura eta, batzuetan, haserrea eraginez.

EHLGk berak adierazi du hautua «harrigarria» dela, are eta gehiago elkarteari leporatzen zizkioten lau lege-urraketetatik fiskalak berak bakarrarengatik -deitura dela-eta- egin baitzuen eskaera, izena aldatzeko epe bat ematea proposatuz, gainera.

Epaian jasotako «arrazoibideen kalitatea eta zehaztasunak» ikusita, EHLGk uste zuen fiskalak ez zuela bide hori hartuko baina ez da horrela gertatu.

Erabakia ulergaitza suertatu da beste eragile batzuentzat ere. Euskal Herriko Berdeen izenean, esaterako, Jean Lissar Akitaniako kontseilariarentzat epaiketak garbi utzi zuen EHLGren legitimotasuna, eta «zaila da oso» ulertzea errekurtsoa jarri izana. «Bolbora usaina duen testuinguru soziopolitikoan, mugimenduaren erradikalizatzea bultzatzea» ote den helburua galdetu du. ABk, berriz, Estatuaren erabaki «jasangaitza eta lekuz kanpokoa» gogor salatzeaz gain, «normalizazio bidea» zapuzten duela adierazi du.

Zirrikiturik ez

Arrazoi logikoen bila, atzo bertan Baionan beste gai baten inguruan egindako agerraldian, Frantxoa Maitia kontseilari sozialistak Eric Morvan suprefetari galdera pausatu zion. Estatuaren ordezkariak, arrazoi zehatzak ezagutzen ez dituela erantzun zion, baina, «beharbada helburua azterketa juridiko sakona egitea» zela gaineratu zuen, «euskarazko deituraren argudiopean beste gai batzuetan bide bertsua hartzeko zirrikiturik ez uzteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo