Bravo: «Taldea da bi atezainen arteko lehia handiari etekina ateratzen diona»
GARA | DONOSTIA
Bravoren zuloa estaltzea egokitu zaion bakoitzean eman duen maila bikaina ikusita, badago hemendik aurrera -ekainean txiletarra saltzeko aukera egongo dela jakinda-, denboraldi amaieran Realaren atea Eñaut Zubikaraik gorde behar duela uste duenik. Laster atzerritar izateari utziko dionez, txiletarra saltzea dirua lortzeko aukera polita izan daiteke Realarentzat, are gehiago, Recreativok Riesgo erosteko duen aukera baliatzeak oso zaila dirudienean, nahiz eta debarra ere bere maila ematen ari den Andaluzian.
Selekzioarekin joan behar izan duen bakoitzean, Zubikaraik ederki bete du bere lekua, baina Claudio Bravok ez ei da titular postua galtzearen beldur. «Bi atezainak oso ondo aritzen badira, taldea da egoera horri etekinik handiena ateratzen diona. Ez da beti gertatzen talde bereko bi atezain horren ondo aritzea, sarri bakarra ere ez da ondo aritzen», azaldu zuen hegoamerikarrak.
Taldearen etorkizunaren inguruan, Bravok itxaropentsu jarraitzen du, nahiz eta azken hamabost puntuetatik hamahiru batuta izanda, igoerak urruti jarraitzea nahikoa «frustrantea» dela onartu zuen.
Lehia estua
Larunbateko derbiaren inguruan, Claudio Bravo berak eta «etxera» itzuliko den Jon Ansotegik oso argi daukate, Eibar oso egoera txarrean dagoen arren, oso lehia estua izango dutela Ipuruan. «Talde zaila da eta euren zelaian errespetu handia ezartzen du. Hanka sendoko jokalarientzako lehia izango da».