Sakabanaketaren aurka kanpoan eta barruan
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bi hamarkada bete ditu Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan barreiatuta. Kolektibo hori deuseztea helburu duen espetxe politika hori salatzeko, hain zuzen, komunikazio greba iragarri du hilaren 18 eta 19rako. Egun bi horietan, beraz, ez dute senide eta lagunen bisitarik jasoko. Ez bide da erraza preso batentzat bere hurkoen bisitei uko egitea, hain urriak izanda; hala ere, euskal presoek amnistiaren aldeko mugimenduak sakabanaketa salatzeko abian jarri duen dinamikarekin bat egin dute, horretan parte hartu eta herritarrei parte hartzeko deia egiteko.
Euskal preso politikoen sakabanaketa orokorraren 20. urteurren honetan, Madrilgo Gobernuak helegitea iragarri du Lakuako Gobernuak presoen senideei ematen dien diru laguntza txikien kontra. Erabaki horrek agerian, ageriago, uzten du sakabanaketaren izaera zitala. Izan ere, presoek «erabaki askeak» hartzeko neurria izan omen zen espetxe politika hori, baina senideei laguntzarik ziztrinena ere kentzeak haren benetako izaera erakusten du: zigor izaera, eta errepidea etengabeko arrisku izateaz gain, hondoratze ekonomikoa ere bilatzen du «eragingarria» izateko. Politika hori indarrean denetik, 20tik gora euskal preso politiko hil dira kartzeletan eta 16 senide eta lagun errepideetan, eta ez oporretan zihoazela, hain zuzen. Balantze positiboa, nonbait, Madrildik begiratuta.
Euskal presoak urte hauetan guztietan bi estatuetako kartzeletan barreiatuta izatea eskubide urraketa argia da. Haien senideen eskubideen urraketa, inolako deliturik egin ez duten milaka laguni ezarritako zigor bidegabea. Baina ez da ahaztu behar presoek ere badituztela eskubideak, eta sakabanaketa eta ezarri dizkieten bizi baldintza gogorrak ez direla inolako legeren aplikazioaren ondorio, garaian garaiko gobernu espainolen eta frantsesen erabaki politikoen ondorio baizik. Hogei urte igarota, zigor horrek sufrimendu ikaragarria erein du hala kartzeletan nola kanpoan ere ehunka senditan. Horixe da espetxe politika horren emaitza, ez besterik.