GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Araitz Basauri, Igor Arkarazo, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitia Abadiñoko Udaleko zinegotziak

Abadiñoko Independenteak taldeari gutun irekia

Bi urte joan dira, ia, udal agintaldi hau hasi genuenetik. Nahikoa denbora talde independenteak bakarrik eta inongo gobernu akordio barik agintzeko erabakia hartu zuenetik, eta tarte hori argigarria izan da euron jokabide horrekin udal dinamika zenbateraino mugatu duten ikusi ahal izateko. Independenteen ordezkariek eurontzat hartu dituzte Alkatetza, bi Alkateordetzak, Gobernu Batzordeko kide guztiak eta Udalean dauden bederatzi batzorde informatiboetako Presidentetzak, hau da, udal erabakigune guztiak talde bakarraren esku, azken hogeita hamar urteetan Abadiñon gertatu ez dena.

Jakina, udal jarduera egon badago (gero eta lorategi eta Gabonetako argi gehiago ditugu), gauza batzuk egin egiten dira (kale garbiketa, konponketaren batzuk...), baina gauza asko eta asko, garrantzi handiko gauzak gainera, geratu dira egin barik. Hainbat dira funtzionatzen ez duten arloak. Herri proiektu partekatua falta da. Urte eta erdi honetan ez da udal aurrekonturik onartu, bigarren urtez jarraian luzatu behar izan dituzte. Indarrean dauden aurrekontuak aurreko legegintzaldian EAJ, EA, EB hirukoteak onartu eta oinordetzan utzitakoak dira. Aurreko legegintzaldian onartzen ez zituzten kontusailak eta zenbakiak kudeatzen ari dira independenteak, bada tristea.

Euren jardun horretan hamahiru zinegotzitik zortzi baztertuz ari dira talde independenteko ordezkariak. Gehiengoa behar dutenean baino ez dira zuzentzen gainontzeko udal ordezkariengana, eta horrela jokatuta, bada... gauzak ez doaz aurrera. Guk ez diogu dinamika baztertzaile honi zilegitasunik eskainiko. Guk egoera hau gainditu eta gauzak bideratu gura ditugu. Horretan ari gara.

Hauteskunde osteko lehen unetik ahalegindu ginen negoziatzen. Ardura banaketa nahi genuen eta zehaztasun, diskrezio eta malgutasunari helduta zuzendu ginen Abadiñoko Independenteengana. Malgutasunez eta zabal zuzendu ginen eurongana, baina ezetz esan eta ate guzti-guztiak itxi zizkiguten. Bakarrik eta baztertuz ekin zioten agintaldiari eta horrela jokatzea erabaki zutelako daude orain dauden egoeran. Horregatik dago Udala dagoen moduan.

Guk, gogoa eta gaitasuna dugulako, elkarlanerako deia egin gura diegu talde independentearen ordezkariei, alkateari, zinegotzi guztiei eta euron erabakiguneetan parte hartzen duten kideei, baina oraingoan gure eskaintza modu publikoan egitea erabaki dugu. Abadiñarrek gure gogo eta borondatearen berri izan dezaten egin dugu modu ireki eta publikoan.

Egungo udal egoera gainditzeko asmo eta erabakia daukagu eta datozen bi urteetan parte-hartzaileagoa, aktiboagoa eta ordezkaritza zabalagoa izango duen herri dinamika berria ahalbidetu gura dugu. Horretarako, udal arduren banaketa bideratuko duen gobernu akordio baten alde gaude eta Abadiñoko Independenteei, modu publiko eta irekian, elkarlanerako aukera eskaintzen diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo