GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

adierazpenak

Villatuertara bidean, baina Arrate buruan

p032_f02_111x111.jpg


GARA | VILLATUERTA

Euskal Herriko Itzuliak gaur izango du bere aurreneko etapa erabakigarria. Euskal Bizikletan hain ohikoa zen Arratera igoera egingo dute txirrindulariek eta baliteke lider aldaketa izatea ere azkenean. Gaurko etapa buruan, Caisse d'Epargneko gizonek «laguntzarik jaso gabe» lana beltz egin behar izan zutela-eta kexu agertu ziren Villatuertako helmugan.

«Lan egitea egokitu zaigu eta, tira, neurri baten logikoa ere bada, horiz jantzita noan neurrian. Guk geuk ez genuen lauko ihesaldia harrapatzeko asmorik, gu baino faboritoagoak diren talde asko baitaude lasterketan; hala nola Contador, Schleck anaiak edo Samuel Sanchez, baina guri eginarazi digute lana. Logikoa da, bai, baina gure taldeak ez du lasterketan une oro tiraka zertan ekin, azken garaipenerako benetako hautagai direnek baino», aitortu zuen Luis Leon Sanchezek.

Liderraren taldekide David Lopez bizkaitarra, aldiz, ez zegoen txantxetarako. «Lasterketa burua guk izan arren, hogei lagun denbora berean gaude. Hala ere, inork ez digu lagundu eta esprinterren taldekideak aurrera pasa direnerako beranduegi zen».

Gaurko etapari begira, Mulako txirrindularia nahiko ezkor ageri zen. «Denboraldia hasi denetik kilometro pila bat daramatzat hanketan eta normalena nik Arraten denbora galtzea izango litzateke». David Lopezek, berriz, «urrutiko erasoren» baten beldur dela aitortu zuen.

Hala, tropeleko adostasun falta horri etekin handiena Bouygues Telecom taldeko Yury Trofimovek atera zion, «sentsazio onei» etekina ateratzea lortuz.

«Aurreneko etapan ez nuen sentsazio onik izan, baina gaur -atzo- bai, eta horri etekina ateratzen saiatu naiz. Ihesaldia helmugara irits zitekeela ikusi dudanean, nahiago izan dut erasoa jo azken esprintera itxaron baino. Gero, gainera Taaramaerekin lan ona egin dut, baina azkenera heldu aurretik atzean lagatzea lortu dut eta oso pozik nago».

Galtzaileen bila

Azken eguneko erlojupekoaz gain, gaurkoak erabaki behar luke Euskal Herriko Itzulia, Alberto Contadorren ustez.

«Eguraldiak neurri batean etapa baldintza lezake, baina gauzak normal joanez gero, Cunego ikusten dut Arraten garaile, eta Cunego ez bada, Colom, Joaquim Rodriguez, Evans edo Samuel. Etapa erabakigarria izango da eta aurrenekoen inguruan amaitzen saiatuko naiz».

Fuji-Servettoko zuzendari Josean Fernandez Matxinen aburuz, berriz, Arraten «galtzaileak» nabarmenduko omen dira batez ere.

«Arraten ezingo da erabaki nork eramango duen Itzulia; hori azken erlojupekoan ikusiko da, baina bai jakingo dugu zeinek ez duen irabaziko. Gure taldeari dagokionez, Cobo, De la Fuente eta Kessiakoffengan konfiantza osoa daukat, nahiz eta lehenengo etapan ez ziren aurrenekoekin sartu».

Azkenik, Euskaltel-Euskadiko Aitor Hernandezen hitzetan, «benetako borroka Ixuan hasi beharko litzateke». Ermuarrararen iritziz, «azken hiru mendateetan -Ixua, San Migel, Arrate- min handia egin liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo