GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Baionako azoka

Xingarraren usain zaporetsua herriko merkatuaz jabetu zen

Aldude aldera joan da aurtengo xingar feriaren sari nagusia. Hogeita zazpi kiloko urdaiazpikoa bertan zeuden beste berrogei bat xingarren artean urteko hoberentzat eman zuten adituek. Sari banaketarekin abiatu zen atzo Baionako merkatuan urteroko Xingar Azoka.

p020_f01_148x104.jpg

Ainize BUTRON

Baionako Xingar Azoka, berriz ere lekutu zen atzo Lapurdiko hiriburuko merkatuaren inguruetan. Lau egunez, Lapurdiko hiriburua harrotasunez betetzen duen txerri puska hori handizki goraipatua izango da. Goizeko hamarrak ziren atzo xingar feriaren ateak zabaldu zituztelarik, eta, ohiturari jarraituz, urteko urdaiazpiko gotor eta zaporetsuena aukeratzeari ekin zioten.

1426an sortu ekimen horren antzinakotasuna pil-pilean ageri zen atzo, goizean goizetik. Xingar Kofradiako kideek, urtean behin baliatzen dituzten kapadun jantzi gorri dotoreak jantzi zituzten urteko xingar uzta epaitzeko. Harakinek lagundurik Euskal Herri zein Landetako hogeita hamasei ekoizleren xingarrak aztertu zituzten, urteko hoberena aukeratzeko. Lehenik, xingarrak banan-banan begiratu zituzten, eta bertan zegoen bat lehiaketatik baztertu zuten.

«Sobera freskoa da, ez da nahiko denbora geratu lehortzen», argitu zuten adituek, urdaiazpikoak, ona izatekotan, bederen urtebete lehortzen egon behar duela gogoratuz.

Hogeita hamabost urdaiazpiko lehiatu ziren, beraz, eta, ordubetez xingar guztiak zehazki ikertu ondoren, aditu guztiak bat etorri ziren Aldudetik ekarritako urdaiazpiko erraldoia aukeratzeko.

Laurehun bat kiloko xerrama baten xingarra zen hura, eta, behin lehortu eta gatzatu ondoren, 27 kilotara iritsi zen. Martxel eta Maite Uhalde saridunek beren poza adierazi zuten irabazle gertatu orduko. «Iaz bigarren saria lortu genuen, eta aurten lehenengoa eskuratzea espero genuen», nabarmendu zuen aldudarrak.

Bukatu bezain laster xingarra erosteko proposamen ugari izan zituzten: «Zenbatetan saldua da kiloa?», zioten bertan zeuden ikusle eta xingarzale ugariek. Baina, ez, aldudarrek xingarra berriz ere etxera eramateko asmoa agertu zuten. «Saria etxean atxikiko dugu», goraipatu zuten, bertan zeuden ikusleen harriduraren aitzinean. Halere, atzoko egunean xingar eta txerriki anitz bazen preziatzeko. Eta, urteko uzta hoberena eskuratu ezinean, txerrikizaleak bertatik gertu zeuden salmahaietan tripa betetzeko aukera izan zuten.

Hendaiatik Donibane Garazi arte, inguruetako harakin hoberenek nagusiki txerrikiz osaturiko salgaiak ekarriak zituzten. Xingarra zen guztien artean ugariena, baina, odolki, pate, lukainka eta beste ikusten ahal zen.

Txerriki usain zaporetsua Baionako merkatuaren ondoan zegoen karpan hedatua zen, eta goizeko hamaikak baziren ere, asko eguerdira itxaroteko pazientziarik gabe geratu ziren. Eta, han eta hemenka, mahaiak jendez betetzen hasiak ziren. «Hamaiketakoa ba al da hau?», galdetu zuen bertatik pasatzen zen emakumeak harriturik.

«Ez apairua!», zioten bazkaltzeko prest zeudenak. 22 eurotan, xingarrez osaturiko menua aukeratua zuten guztiek.

Elkargunea

Goiz izanda ere, herri giroa nagusi zen Baionako merkatuaren inguruan. Sagardo edo ardo sorta bat eskuetan, herritarren arteko topaketak izan ziren nagusi. Eta, berriketan zirenen artean, aurtengo xingarraren itxura ezin hobea aipatzen zen besteak beste. «Ez dut sekula horrelakorik ikusi!», zioen urtero azokara inguratzen den xingar zale batek.

Urtero ferian izaten den emakume hark Maitena zuen izena. «Aitatxi landetarra nuen, eta, urtero xingarraren feriaren lehiaketan parte hartzen zuen», goraipatu zuen feria eta urdaiazpikoak ongi ezagutzen zituela erakutsi nahian.

Topaketetatik bazkarira, eta bertaratu ziren gehienak egun goxoa preziatzeko aukera izan zuten. «Oso urte ona da aurten. Alde batetik, lehiaketan parte hartu duten xingarrek kalitate ezin hobea dutelako, eta bestetik, oso eguraldi ederra daukagulako», nabarmendu zuten, beraien aldetik, Kofradiako kideek. Lau egunez, beraz, Baionan xerriaren atal guztiak dastatu eta gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo