GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Seaska, berrogei lan eta borroka urte

Bihar jai handia ospatuko dute Biarritzen, eta badute hartarako aski motibo. Izan ere, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak 40 urte bete ditu. Ez dira urte errazak izan, guraso bakan batzuk 1969. urtean elkartu zirenetik hamaika lan eta hamaika borroka egin baititu Seaskak, aitzina egiteko lanak eta oztopo ekonomiko eta legalei buru egiteko borrokak. Baita lan eta borroka horien fruituak jaso ere, egun Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako haurren %10 Seaskaren 25 ikastoletan eskolaturik baitira. Hortaz, bada zer ospatua, arnasa hartu eta bide zuzenean jarraitzeko.

Ikastolen sorreraren eta historiaren berri ez dakienak kontuan izango balu Seaska sortu zen hamarkadan Ipar eta Hego Euskal Herrian indarrean ziren egoera politikoak -Estatu frantsesekoa eta espainolekoa, hain zuzen-, pentsa lezake Ipar Euskal Herriko ikastolek ez zituztela Hegoaldekoek izan zituzten trabak topatuko. Diktadura batean herrien hizkuntza, kultura eta izaera bera zapaltzea normala izaten da, baina demokrazia batean uste izatekoa da errespetatu eta babesten dituztela; halere, garai hura bizi izan zuen edo haren berri izan duen edozein euskal herritarrek badaki ez zela halakorik izan, eta badaki gaur egun ere erraztasunak baino oztopo gehiago dituztela ikastolek Ipar Euskal Herrian eta, halaber, Hego Euskal Herriko demokrazia formalean ere euskarazko hezkuntzaren beharrak ez daudela asebeterik.

Berrogei urte bete ditu Seaskak, berrogei lan eta borroka urte, eta emaitzak ukaezinak badira ere, lan eta borroka gogorrak ditu oraino aitzinean. Gaur GARAk eskaintzen duen erreportajean bildutako lekukotasunek dioten bezala, orain dela 40 urte gurasoen militantzia arras garrantzitsua izan zen bezala, egun ere baitezpadakoa da militantzia horrek jarrai dezala. Gurasoena eta euskalgintzarena, gaineratu beharko litzateke, eta, oro har, euskal gizartearena. Seaskak hezkuntza arloan ez baitu gutxi eman, onespena eta laguntza ongi mereziak ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo