GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musika «gomendatzaileak»

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Nola jakin dezaket zer-nolako musika gustatzen zaidan? Musika entzutea gustukoa badut, agian izan dezaket zantzurik jakiteko zertan diren nire zaletasunak. Garagardoa gustukoa badut, horrek esan nahi al du garagardo guztiak ditudala gustuko? Dendan, marka bat aurkitu ezean, aurreikus daitekeena da, dena den, garagardoa erosiko dudala. Baina, nola jakin dezaket zein garagardo edo musika dudan atseginen? Nola dakigu nola lortuko dugun gustukoa dugun musika mota hori? Galdera horri erantzun arina emango genioke esanez orain dela 25 urte jakitea errazagoa zela, baita gustuko genuen musika horretara ailegatzea ere, musika eta abesti eskaintza txikiagoa zelako. Txepelak izango ginateke, baina, pentsatuko bagenu lehen musikaren ehuneko handi bat ezagutzen genuela esango bagenu.

Egia da lehen filtro ikusgarria egiten zutela diskoetxeek. Diskoetxerik gabeko musika eta talde ezagun gutxi zegoen. Oraintxe arte, musika euskarri fisikoetan ezagutu dugu, eta biniloa euskarri nagusia zenean, gutxik pentsatuko zuen musika industria tradizionalaren bilakaera zein eratan aldatuko zen. Diskoetxeek nagusitasuna galdu egin dute euskarri fisikoa desagertu denean. Lehen, bagenuen diskodenda gehientsuenetan musika aditua, eta hark ematen zizkigun gomendioak, azken plazaratutakoen berri eta azken musika mugimendu eta erritmoen berri. Dendari hura zen gure musika bilatzailerik onenetarikoa. Gaur egun gauzak zeharo aldatu dira eta ezer ez da berdin. Zenbat disko izango zituen hobekien hornitutako Euskal Herriko dendarik handienak? 15.000 ale gehitxo esatea litzateke. Munduko handiena 100.000 alera iritsiko zen. Hala eta guztiz ere, gure gustuko musika lortzea ez zen batera erraza.

Denda fisikoetan ere gauzak asko aldatu dira. Musika-denden %60 pikutara joan da, eta geratzen direnetan musika gomendio-emaile eta euskarri fisiko gutxiago dago. Beraz, nork emango digu informazioa gure zaletasuna ase dadin? Urtean milioi bat abesti berri sortzen dira, eta horietako asko euskarri fisikoan barik, digitalean baino ezin izango ditugu aurkitu. 2015erako CDak salmentetan izan duen nagusitasuna galdu egingo du, nahiz eta desagertuko ez den. Pisu handia izango dute salmentetan oparietarako disko fisikoek eta norberaren fetitxismoa asetzeko diskoek. Gomendiorako sistema berriak sortuko dira eta, gainera, oso sofistikatuak izango dira. Gure gustuko profila duten kantuen bilatzaile trebeak eskainiko dizkigu, galbahe eta iragazki sistema indartsuekin. Musikariak tresna gehiago izango ditu bere musika ezagutua izan dadin, eta arruntak diren bideek pauta txiki batzuk baino ez dizkigute emango, agur, hein handi batean, ohiko irrati, telebista, egunkari eta aldizkariei. Norberak bere gomendioak bilatuko ditu saguaren laguntasunarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo