Denboraldia amaitutzat ematea eragotzi behar dute bilbotarrek Valentzian
GARA | BILBO
Eurokopako ametsa amaituta, denboraldia luzeegi egin dakioke Bilbao Basketi, bihar Valentzian (20.00etan Fontetan) galduz gero, play offetan sartzeko dituen aukera apurrak amaituko bailitzaizkioke. Turinen Errusiako Khinkik kanporatutako bi taldeen arteko lehia izango da Valentziakoa eta Eurokopan bizkaitarrak aurrerago iritsi baziren ere, ACBn hiru garaipen gehiago dituzte Spahijarenek eta irabaziz gero, harrapaezinak bihurtuko lirateke.
Hutsune nabarmen batekin ekin beharko dio Bilbao Basketek gaurko partidari, izan ere, denboraldia ia amaitu da Drago Pasalicentzat, asteazkenean apendizitisa sendatzeko ebakuntza egin behar izan baitzioten. Banicekin batera barruko gizonik garrantzitsuena izan denari, ezustean egin behar izan zioten ebakuntza, eta senda-agiria hurrengo orduetan emango badiote ere, zaila izango da aurten berriz Bilbao Basketekin jokatzea. Denborali osoan ia minuturik izan ez duen Tomas Hampl txekiarrak beteko du haren lekua Fontetan, eta ez du batere lan erraza izango Kuqo, Nielsen, Miralles edota Perovicen aurrean.
Gainera, Txus Vidorreta bilbotarren entrenatzaileak atzo prentsaurrekoan onartu zuen eran, ez da batere aste ona izan jokalarientzat, itxaropen handia baitzuten Turingo final-zortzirenetan. Indautxukoak azaldu zuenez, La Casillan horren erraz garaitu zuten Lietuvos Rytas irabazle irten izanak kalte handiagoa egin die, berez, gogo aldetik makal samar ziren Bilbao Basketeko jokalarien adoreari, eta hori ere kontra izango dute.