GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

«Observe and Report» groteskoak Hollywoodeko ohiko zuzentasuna albo batera uzten du

Komedia iluna da «Observe and Report», gehiegikeriaz betea. Nuevo Mexikoko saltoki gune handi bateko zaindari ezegonkor baten eta haren laguntzaileen obsesioak ditu ardatz eta Seth Rogen protagonista.

GARA | LOS ANGELES

Seth Rogen, Ray Liotta eta Michael Peña dira ez hankarik ez bururik ez duen «Observe and Report» film zoroaren protagonista nagusiak.

Bihar Ameriketako Estatu Batuetan estreinatzekoa den filmak hankaz gora jartzen ditu Hollywooden hain ohikoak diren gustu onaren estandarrak, publikoari Ronnie Barnhardt zaindariaren bizitza agertuta. Buruko gaixotasuna duen zaindariak polizia izatea du amets, eta bere eremuan legea zorroztasunez betearazten saiatzen da gogor.

Istorioaren funtsa saltoki gune handi bateko bezeroei, emakumeei gehienbat, biluzik (plano askotan ikus daitekeen legez) agertzen zaien morroi bat harrapatzean datza. Horrez gain, saltoki horietan lapurreta misteriotsu batzuk ere izan dira.

Filma eszena esplizitu ugariz josita dago, barrea eragiteko asmoa muturreraino eramanez: mozkor batekin sexu jarduna, ateraldi arrazistak, aparkaleku batean dauden ume batzuei jipoia edo xiringa bidezko droga hartzeak.

«Burugabea eta ikaragarria da pelikula. Ez nuen pentsatzen egingo genuenik ere», esan du bertako antzezle nagusia den Seth Rogenek. Gidoia irakurri aurretik eman zion berak baiezkoa egitasmoari, «laguna baitut Jody (Hill), filmeko zuzendari eta gidoigilea».

«Observe and Report» pelikulak Michael Peña antzezle latinoaren aurpegirik komikoena ezagutzeko ere balio digu, Ronnieren laguntzailearen paperean. Bestalde, Ray Liotta da, poliziaren paperean sartuta, saltoki gune zoroan zentzu pixka bat jartzen saiatzen dena.

EXHIBIZIONISTA

Komedia zoro honen funtsa saltoki gune handi bateko bezeroei biluzik agertzen zaien morroia harrapatzeko ahalegina da, aldi berean jazoko diren lapurretak argitzeaz gain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo