GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

ADIERAZPENAK

Samuel: «Erlojupekorako oso alde txikia da»

GARA | GUEÑES

Lana eginda -hori ez da-eta inoiz falta izan-, baina sailkapen orokorraren goialdean dauden txirrindulariak eguna salbatu zuten. Eta ustekaberik ez badago, horrela izango da gaurkoan ere, Itzulia erabakitzeko ardura azken erlojupekoaren eskuetan utziz.

Edozein emaitza izan dezakeen eguna, Samuel Sanchezen ustez, «erlojupekoa nolakoa den ikusita. Izan ere, aldeak oso txikiak direla gogorarazi zuen: «Zallan lehiatutako azken erlojupekoan iraulketa ederra egon zen. Nik minutu bat galdu nuen, Contadorrek hogei bat segundo... Erlojupeko gogor eta luzea da. Eta bost egunetan horrelako borroka egon ondoren, hankak minduta daude eta, beraz, jende gehiagok izan ditzake aukerak».

Haren zuzendariak ez dauka hain argi Samuelek horrenbeste aurkari izango duenik. «Egia da erlojupeko luze eta gogorra dena, baina nire ustez, Rogers, Luis Leon eta abarrekoen desabantaila handiegia izan daiteke -esan zuen Igor Gonzalez de Galdeanok-. Edozein gauza gerta liteke, baina nire ustez, Contador eta Evans dira kontuan hartu behar ditugun txirrindulariak». Eta Samuel Sanchez, bera, noski. Euskalteleko zuzendariak, behintzat, konfiantza handia dauka berarengan: «Lasai ikusten dut, fisikoki oso ondo... Konfiantza osoa daukat», nabarmendu zuen.

Baliteke, hain ondo egonda, eta iragarpenei jarraituz gaur euria egingo duela kontuan hartuta, Samuelek egoera hori gaur aprobetxatzea azken etapari begira abantailatxo bat lortzeko. «Samuel ondo moldatzen da, bai, baina berak ere nahiago du euririk ez egitea -adierazi zuen Galdeanok-. Gainera, inguru honetako errepideekin bereziki zaila izan daiteke eguna».

Albasini, animatuta

Adituen ustez, ez da horrelakorik gertatuko eta gaurko etapa ihesaldi batekin amaitu daiteke. Atzokoa bezala.

Eta beharbada, Michael Albasini bera berriro saiatuko da, zein motibatuta amaitu zuen kontuan hartuta. «Aurreko etapa oso gogorra egin zitzaidan eta, amaitzerakoan, sasoiz makal egon nintekeela pentsatu nuen. Baina gaur askoz animatuago nago, nire buruarentzako garrantzitsua izan da horrela ibiltzea», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo