Emakume aizkolariek ere beren lekua aldarrikatzen dute
Aizkolaritza berriro indartzen ari den honetan, emakumezkoen egoera bestelakoa da. Mutiletan geroz eta gazte gehiago datoz, baina nesketan hiruk bakarrik jarraitzen dute. Ezagutu, ordea, inork gutxik ezagutzen ditu, eta horixe nahi dute, beraiek ere ezagutzera ematea.
Jon LEUNDA
Emakumezko aizkolariek beren lekua aldarrikatu nahi dute. Une honetan hiru dira kirol hau egiten ari direnak: Maika Aristegi, Ana Berasategi eta Maider Mazizior. Txapelketarik ez dute, ordea, eta jende askok jakin ere ez daki kirol hau egiten ari direnik. Beraien ustez, aurrera egin ahal izateko txapelketak, torneoak... behar dituzte. Izan ere, bestela, urtean zehar izaten diren erakustaldi apurretan geratzen da beren lana.
Hiruetan beteranoena, edo kirol hau egiten urterik gehien daramana, Maika Aristegi da. «Kristina Saralegirekin hasi nintzen aizkoran, gero Itziar Goenaga ere hasi zen, eta hirurak aritu ginen urte batzuetan. San Ferminetako torneoa jokatzen genuen, eta urte batez txapelketa ofiziala ere jarri ziguten, Goenagak irabazi zuena. Gero, haiek utzi egin zuten, eta nik ere bai. Tartean bi ume izan ditut, eta orain dela lau bat urte ekin nion berriro aizkorari, Ana Berasategirekin batera», azaldu zuen Iturengoak. Gerora Maider Mazizior hasi zen, eta orain hiru neska hauek dira aizkoran ari direnak.
Hirurak, ordea, ez dira aizkoran bakarrik aritzen. Aristegi, lokotx-biltzen, ingudearekin, eta txingetan ere aritzen da, eta baita korrika ere; negu partean, esaterako, krosean aritzen da. Berasategik ere herri kiroletako kirolik gehienak egiten ditu, eta Maziziorrek ere lan ugari egiten ditu.
Denetan gustukoena, ordea, aizkora du Maikak, baina hori eginez bakarrik ezin da aritu. «Urtean erakustaldi gutxi batzuk bakarrik egiten ditugu. Nire irudimena da jendeak ez dakiela aizkoran aritzen den emakumezkorik ere badagoenik, eta ez ditugu erakustaldi gehiegi izaten. Direnak uda partean izan ohi dira», esaten du Maikak.
Gabezia hauek lehiaketen bidez bete daitezkeela uste du Maikak. Txapelketa ofizialek eta Urrezko Aizkora bezalako torneo batek asko lagunduko luke bere ustez, bai emakumeen kirol hau ezagutzera emateko, bai neska gehiago animatzeko. «Txapelketarik ezean, zaila da ezagutzera ematea. Ona litzateke Euskal Herriko Txapelketa egotea, baita Urrezko Aizkora bezalako torneoak izatea ere. Izan ere, horrela, jendeak ezagutu egingo gintuzke», nabarmendu du Aristegik.
Azken urte hauetako emakumezkoen aizkolaritzari begiratzeko, mende laurden bat atzera joan behar da. Orduko hartan Gipuzkoako Goierrin agertu ziren eta erakustaldiak ere ugari egin zituzten. Haiek uztean hutsune bat izan zen, eta Saralegi ahizpekin hartu zuen berriz ere indarra emakumezkoen aizkolaritzak. Haietako zaharrenak utzi zuen, baina Aristegi eta Goenaga agertu ziren, eta hiru hauek erakustaldi ugari egin zituzten, baita txapelketa ofizial bat ere, San Ferminetako torneoarekin batera.
Etorkizun iluna
Gero, hirurek batera utzi zuten aizkora, eta Aristegi itzultzearekin batera hasi zen berriz Ana Berasategi, baita orain Maizior ere. Hiru ari dira berriro aizkoran, baina orain dela urte batzuetako indarrik gabe.
Aristegiren ustez, etorkizun zaila omen dauka aizkorak nesken artean: «Garbi dago etorkizuna zaila duela. Berririk ez da agertzen; beraz, gutako batek uzten duenean, akabo. Nik badut ahizpa gazteagoa, berari hasteko bultzatzen saiatu naiz, baina ez du nahi. Inguruko beste batzuei ere bultzatzen aritu naiz, baina ez du inork nahi. Garbi dago txapelketen bidez bultzada bat ematen ez baldin bazaio, oso zaila izango dela aurrera egitea. Erakustaldi gutxi egiten dira urtean, baina beti prest egon behar da, honek gastu batzuk dauzka, eta ez da erraza aurrera egitea. Niri aizkora ikaragarri gustatzen zait, eta aitzinera egiten dut, baina atzetik gazteak etortzea ez dut lan erraza ikusten».
Kirolari hauek, ordea, ez dute etsi nahi, aurrera egin nahi dute, eta horretarako eskatzen dute federazioen babesa eta laguntza. Onartzen dute beraiek ez direla joan lehiaketa bat jokatu nahi dutela eskatzera, baina gustatuko litzaieke aurtengoa jokatzea. Federazioei bakarrik ez, Urrezko Aizkorako antolatzaileei ere aukera bat eskatuko liekete, baita, nola ez, herrietako jai batzordeei ere.
Udan herri guztietan izaten dira festak, eta gehienetan izan ohi dira aizkolariak. Beraiei ere gustatuko litzaieke izaten dituztenak baino aukera gehiago izatea, horrek kirol honetan hasteko beste batzuei ere grina sortuko dietela uste baitute. Beraiek, behintzat, oso gustura hartuko lukete beste neska batzuk ere aizkoran hasiko balira, eta laguntzeko prest ere badaude.
Aizkolarien eredu bihurtu dira harri-jasotzaileak. Izan ere, pasa den urtean izan zuten beraiek Euskal Herriko Txapelketa. Bertan, bi harri-jasotzaile bakarrik lehiatu ziren: Marijose Sardon eta Miren Urkiola. Aizkolariek gehiago direla aldarrikatzen dute, eta beraiek ere txapelketa jokatzea nahi dute.
«Harri-jasotzaileengandik pozten naiz, iaz txapelketa jokatu baitzuten. Uste dut guk ere joka dezakegula; gu, gainera, hiru gaude eta agian beste norbait ere animatuko litzateke txapelketak jokatzen hasiz gero», nabarmendu du Maika Aristegik.
Beraiek eskaria egin dute, orain beraien artean eta agintariekin batu beharko dute, eta nahi dutena adierazi. Dudarik gabe, bultzada dezentea izango litzateke beraientzat lehiaketa ofizial bat antolatzea. Izan ere, horrek txapeldun ofizial bat emango luke, eta jendearen aurrean ezagutzera emateko ere aukera bat gehiago izango lukete; hain zuzen ere, horixe da nahi dutena.