KRONIKA Gazte Martxa 09
Nafarroa berreskuratu du «konkistatu gabeko gazteriak»
Nafarroaren askatasunaren alde atzoko borrokalariek azken hatsa eman zuten leku berean, bost menderen buruan, independentziaren aldarriak ehunka gazte bildu ditu, Amaiurren. Urte hauetan guztietan Estatu espainolak eta frantsesak konkistatu ezin izan duten gazteri independentista, alegia. Independentzia aldarrikatuz gure herria banatzen duten mugak gainditu eta helmugara iritsiko da gaur Gazte Martxa: Donibane Garazira.
Oihana LLORENTE
Estatu espainol eta frantsesak garaitu ez duten gazteria egon badagoela frogatzen ari dira makina bat gazte ostiralean abitu eta gaur amaituko den Gazte Martxan. Eguraldiak ezarritako oztopoei umore eta irudimenarekin aurre egin behar izan diote gazte independentistek, baina traba eta oztopoen gainetik, hortxe doaz tipi-tapa euren helmugara bidean.
Helduek inoiz ulertuko ez duten giroa sortzen da bi urtetik behin gauzatzen den ekimen honetan. Mela-mela egonda ere, ilusioa, bizipoza eta konpromisoa galtzen ez duten gazteak dira Gazte Martxak biltzen dituenak eta independentziaren aldarria isiltzeko eta mapatik ezabatzeko euri zaparrada bat baino gehiago behar dela argi utzi dute egun hauetan.
Ostiral goizean ekin zioten ibilbideari Amaiurren bildutako ehunka gazteek. Abiapuntura iristeko, ordea, makina bat komeria igaro behar izan zituzten, batik bat Bizkia eta Arabatik etorritako gazteek; izan ere, bidean kontrol polizial ugari ezarri zituzten. Horren lekuko dira autobus batek zeharkatu behar izan zituen bost kontrol polizialak; Guardia Zibila, gainera, ez zen errepide bazterrean egote hutsarekin konformatu eta Amaiurreraino ere hurbildu zen. Antzera jokatu zuen, ondoren, Polizia frantsesak ere.
Ibiltzen hasi aurretik ahalik eta pisu gehiena bizkar gainetik kentzea izan zuten lehen xedea Amaiurrera hurbildutako gazteek. Hala, motxilak eta zamak atondu ostean, antolakuntzak prestatutako poltsak toperaino beteta sartu zituzten kamioian.
Iruñeko Txantrea auzotik etorritako joaldunek eman zituzten Gazte Martxako lehen urratsak. Zintzarrien hotsek izpiritu txarrak usatu eta gero, ikurrinaren, arrano beltzaren eta Nafarroako banderaren atzean gazte independentistek osatutako uholdea batu zen; Amaiurko herrian gora abiatu ziren guztiak elkarrekin, gudarien omenezko monolitorantz. Bertan, 1512an garaiko gudariek Nafarroako askatasunaren alde bizitza eman zuten lekuan, egin zuten harrera ekitaldia adarraren soinuaz eta nafar jotaz lagunduta.
Konpromiso sendoa
Gazte independentisten eledun diren Ainara Bakedanok eta Txomin Catalognek eman zieten ongietorria batutako ehunka gazteei eta 1512ko gerran «galdu genuena berreskuratzeko gure konpromisoa» jarri zuten mahai gainean. Bildutako entzule gazteek txaloz jaso zituzten hizlarien hitzak eta «borroka da bide bakarra» bezalako leloak gogoz oihukatu zituzten. Ezker eskua goratu eta monolitora begira «Eusko Gudariak» abestu eta suziriak jaurti ostean, bideari ekin zion aurtengo Gazte Martxak.
Poliziak ezarritako trabak gaindituta, eguraldia bilakatu zen oztopo Gazte Martxan. Kolore guztietako txamarrak jantzi, motxila hartu eta ikurrinak eta presoen argazkiak soinean hartuta abiatu zuten ibilbidea gazteek, hasiera-hasieratik euria lagun zutela. Euria, ordea, elur bilakatu zen ondoren, hotz izugarria jasan behar izan zuten ibiltarien zorigaiztorako.
Menditik barrena egiteko prestatuta zegoen ibilbidea alboratu eta errepidez egin behar izan zuten Amaiur eta Baigorri arteko bidea, putzuak eta lokatza saihestu asmoz. Gazteek, ordea, umorez aurre egin zioten eguraldi kaskarrari eta «mendi martxie zoragarrixe» oihua ahoan zutela aritu ziren maldan gora eta behera, elur malutak gazteek irudikatzen zuten paisai koloretsua zuritzen zuen bitartean.
Askok nahi baina urrutiago aurkitu zuten Baigorri, nekea eta hotza zela-eta, baina azkenean begien bistan izan zuten Nafarroa Beherako herri eder hau eta bertan eman zioten amaiera martxaren lehen etapari. Euriak ez zuen atsedenik eman eta, ondorioz, gaua pasatzeko kanpin dendak muntatzea ere uste baina lan zailagoa bilakatu zen.
Gazteriak berezkoa izan ohi duen irudimena eta balentria lagun izan dute Gazte Martxan ere eta gaua igarotzeko hamaika aukera topatu zituzten ostiralean Baigorrin barna. Okupazioa praktikara eraman zuten batzuk eta herriko etxe huts, ukuilu eta fabriketan sartu eta gaua igaro zuten; zubiak ere etxe bilakatu zituzten Baigorrin eta haien magalean muntatu zituzten makina bat kanpin denda. Hainbat gaztek zorte hobea izan zuten eta Baigorriko bizilagunen eskuzabaltasuna lagun, etxeko berotasunean igaro zuten gaua. Denek, ordea, ez zuten aukera hori izan eta Gazte Martxako partaide askok eta askok hotzez akabatzen pasa zuten gaua, kanpin denda eta lo zakua erabat bustita.
Arazoak arazo, eguraldiak ez zituen gazteak kikildu eta esamoldeak dioen bezala, «nekeetan, irria ezpainetan» ekin zioten larunbat goizean Baigorri eta Lasa arteko bideari. Euria, berriz, bidelagun izan zuten.
Nekeari eta eguraldi kaxkarrari aurre egiteko, eta Gazte Martxa mendi martxa bat baino askoz gehiago dela frogatzeko, jaialdia izan zuten bart Lasan, Musikherria Gaua hain zuzen ere. Dantza eta trago artean, azkar ahaztu zituzten aurreko bi egunetako komeriak.
Egitarau oparoa gaurko
Gaur iritsiko da bere helmugara aurtengo Gazte Martxa, «Lotu independentziara» goiburu izan duen dinamikaren ekimen nagusia. Hiru egun eman dituzten ibilian baina hilabeteak daramatzate gazte independentistak lanean, arlo eta herrialde bakoitzak dituen espezifikotasunak aintzat hartuta.
Egindako lanari amaiera emateko, jai izugarria prestatu dute gazte independentistek gaurko, Nafarroa Beherako hiriburuan. Goizean goiz esnatuko dira martxalariak Lasa eta Donibane Garazi arteko bidea oinez egiteko eta eguerdi partean iritsiko dira helmugara; bertan, Jantokia gunean, bertso saioa izango dute. Arratsaldean zehar, herri jokoak eta munduko gazte iraultzen berri emango duen hitzaldia egongo da gune berean.
Azoka eta Herria gunean, aldiz, egun osoan Euskal Herriko jendarte eragileen erakustoki handia izango da ikusgai. 16.00etatik aurrera, Musikherria maratoia izango da bertan.
Eguneko hitzordua nagusia kalejira izanen da eta 19.00etan abiatuko da jantoki gunetik. Amaiera, berriz, karpa nagusian izango du 20.00etan abiatuko den ekitaldi politiko batekin.
Egunari eta Gazte Martxari amaiera borobila emateko, Kasu!, MAK, Def Con Dos, Su Ta Gar, Gatibu eta Mouss & Hakim taldeen eskutik kontzertuak izango dira 21.30etatik aurrera.