GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Enrike Letona Hizkuntza teknikaria

Joxe Aranzabalek euskal presoei buruz esandakoari erantzuna

Zure blogean idatzi eta ondoren «Goiena»k publikatu zuen zure artikuluarekin jende asko harritu eta mindu egin duzu, Joxe. Korrikan presoen argazkiak joateak zer ikustekorik du Isaias Carrasco eta Inazio Uriarekin? Korrika euskararen aldeko festa errebindikatiboa dela diozu eta ados nago. Baina zu nor zara esateko Korrikan nork hartu behar duen parte eta nork ez? Presoek Korrikako aldarrikapenekin bat egiten dute, kilometroak erosten dituzte eta besterik gabe parte hartzen dute, modu naturalean kalean zeudenean egiten zuten bezala.

Zergatik ezin dute parte hartu, Joxe? «Demokratek», beraiek egindako legeak errespetatu gabe, milaka kilometrotara sakabanatuta dituztelako? Edo asko eta asko, legea aplikatuz, Korrikan modu zuzenean parte hartzeko moduan izan behar zirenean, espetxean dituztelako?

Kalean euskara aldarrikatzeko arrazoiak baldin badaude, espetxean arrazoi horiek areagotu besterik ez dira egiten: ikasketak euskaraz ezin dituzte egin, gutunak euskaraz idazteak gutxienez hilabeteko atzerapena dakar, askotan seme-alabekin ezin dute euskaraz hitz egin telefonoz edo bisitetan, zigortuak ere izaten dira euskaraz hitz egiteagatik. Eta aipatutako guztia modu demokratikoan egiten dute, jakina!

Nik ere pentsatzen dut kilometroa erosten duten asko hipokrita hutsak direla. Nafarroako Gobernua izan daiteke adibiderik onena, baina beste asko daude. Ez duzu uste? Ez didazu esango horiek euskararen alde daudenik, ez? Kasu honetan euskara errebindikatzen baldin bagaude, sartu pixka bat gehiago hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen dituztenekin eta utzi bakean presoak, mesedez. Zuk zeuk diozu euskara guztion ondarea dela, orduan presoena ere bai, ez? Gainera, guk maite egiten ditugu eta normala iruditzen zaigu guk parte hartzen dugun ekintza guztietan gurekin eramatea, bien bitartean haien egoera salatuz.

Eta bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi aurten AEKk euskal presoak ere omendu dituela, asko baitira baldintza oso txarretan espetxean euskara berreskuratu edo ikasi dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo