100 urte bete arren, sasoi betean jarraitzen du Arin Luzien taldeak
100 urte bete ditu aurten Arin Luzienek. Ez dira denak samurrak izan, baina garrantzi handia du klubak Donibane Lohizunen. Futbolagatik da ezaguna, baina beste hainbat kirolek ere badute lekua klubean. Errugbia nagusi den lurraldean ez du lan samurra izan, baina ongi iraun du.
Jon LEUNDA
Arin Luzien da Ipar Euskal Herriko futbol talde garrantzitsuenetakoa, ez emaitzengandik bakarrik, baita bere historia luzeagatik ere. Horren erakusle, aurten 100 urte bete ditu. Luzaroan Estatu frantseseko ligetako euskal talderik onena izan da, baina Avironek eta Genetsek profesionaltasunaren bideari ekin ziotenean heldu zen zuri-beltzen beherakada, nahiz eta arrazoia bakarra hori izan ez. Aurten, ordea, gozatzeko denboraldia da, 100 urte behin bakarrik betetzen baitira.
1907. urtean sortu zen Donibane Lohizuneko taldea, baina bi urte beranduago erregistratu zuten. Hortik aurrerako bidea samurra izan ez arren, oparoa izan da, nahiz eta errugbia nagusi den lurraldean aritu. Herrian, ordea, izen handiko taldea da, eta denek maite dute.
Pierre Bidart izan zen taldeko bultzatzaile nagusietakoa; Manchesterrera joan zen ikastera eta, handik itzulitakoan, Jean Pierre Larresgainekin batera sortu zuen taldea. Berak Ingalaterran ezagutu eta maitatu zuen futbola eta, etxera itzulitakoan, taldea sortu zuen. Lehen izena, ordea, Arin Sporting Club izan zen. Hasieratik izan dira zuria eta beltza Donibane Lohizuneko taldearen koloreak.
Elizak ere zerikusia izan zuen klubarekin, hasierako urteetan asko bultzatu baitzuen. Partidak, berriz, Santa Barbara zelaian hasi ziren jokatzen. Arin, gainera, ez zen futbol kluba bakarrik, beste hainbat kiroletako taldeak izateaz gain, kultura mailako jarduerak ere sustatzen baitzituen. Hala ere, futbolak indarra hartu zuen, eta Espainiako gerra zela-eta Hego Euskal Herritik iritsitako hainbat jokalarik ere izan zuten elastiko zuri-beltza janzteko modua. Horien artean, Agirre lehendakariaren hiru anaia ere izan ziren.
Taldeak geldialdia izan zuen Bigarren Mundu Gerran, baina hori amaitutakoan, berriro ere lanari ekin zioten aurrera egin ahal izateko. Arin taldea oraingo egoitzara, Gure Etxea izenekora alegia, 1933. urtean heldu zen. Hiru urte geroago, klubari izena aldatu zioten eta Arin Sporting izatetik Arin Luzien izatera pasatu zen.
Gerrateak eragindako etenaldia eta gero taldea berriz osatu eta abian jarri ostean, kluba indar handia hartuz joan zen, eta herrialdeko talderik onenetakoa izatera pasatu zen. Askoren irudia eta jarraitu beharreko taldea bihurtu zen Arin, baina emaitzarik onenak azkeneko urte hauetan heldu dira.
1986. urtean, Frantziako Kopan, lehen aldiz Lehen Mailako talde baten aurka jokatu ahal izan zuen Arinek, Laval taldearen aurka. Ordurako, Ketxiloa zen euskaldunen zelaia, baina han partida ikusi nahi zuen jendetza hartzerik ez zegoenez, Biarritzera, Agilera estadiora, eraman zuten partida. 7.500 ikusle bildu ziren partidan, baina Arin Kopatik at geratu zen 0-1 galdu ostean.
Hurrengo gertaera handia 1990. urtean heldu zen, orduko Frantziako Laugarren Mailara heldu baitzen taldea; hain zuzen ere, egungo CFA2 mailaren parekora. Ez zuen, ordea, pozak luze iraun. Aldiz, hamar urte geroago, berriz ere CFA2ra igo zen Arin eta Akitaniako Kopa ere bereganatu zuen.
Hiru urte egin zituen Arinek CFA2 mailan, baina hori galdu ostean, taldearen beherakada heldu zen; hala, egun Akitaniako Ligako Hirugarren Mailan ari da. Hego Euskal Herriarekin alderatuta, Preferente Mailaren parekoa da maila hori. Arin, hala ere, aurten berriro ere goranzko bidea hartzeko prest dago uneotan.
Jokalari ezagunak ere dezente izan dira talde zuri-beltzean. Aurrez Agirre lehendakariaren hiru anaiak aipatu ditugu, baina taldeak izan duen jokalaririk ezagunena, agian, Cahrles Ducasse izan da. Arinen hasi eta Realera heldu zen. Valladoliden eta Marseillako Olympiquen ere aritu zen. Gerora ere izan dira jokalari onak taldean; izan ere, Delmas, Sautie, Mendiburu, asko izan dira elastiko zuri-beltza jantzi dutenak.
Taldearen historian urrezko letrekin agertzen den beste bat Joseph Etxegarai da. Pasa den udan hil zen. Gizon ausarta, langilea eta jatorra, beti laguntzeko prest egoten den horietakoa zen. Ez zuen bizitza samurra izan. Beran jaio zen, baina lan kontuak medio, Irunera heldu zen gurasoekin. Real Unionek eta Realak Lehen Mailan jokatzen zituzten derbi beroez ederki gogoratzen zen. Gero, Espainiako gerra hasi zenean, Urruñara lehenengo eta ondoren Donibane Lohizunera heldu zen. Bertan, ordea, naziek atxilotu eta Alemaniara eraman zuten, behartutako lanak egitera.
Euskal Herrira itzulitakoan, Arineko atezaina izan zen luzaroan, 40 urte pasata utzi baitzuen futbola. Hortik aitzinera hainbat lan egin zituen klubaren baitan; beti agertu zen taldeak eskatutakoa egiteko prest. Entrenatzaile bat behar bazen, lan hori hartzen zuen; klubeko lana egin behar zenean ere, beti zegoen laguntzeko prest. «Lehendakari ez beste guztia izan nahiz talde honetan. Hori ere eskaini izan didate, baina ez dut balio lantegi horretarako», esan zion GARAri, orain dela hamar urte, taldeak 90 urte bete zituenean egin genion erreportajean.
Egungo egoera
Orainari begiratuta, garbi dago kirol mailan taldeak behera egin duela. Horren arrazoiak eman zizkion GARAri Remy Duperauk, taldeko zuzendaritzako kideak. «Arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Hasteko, herrian gero eta gazte gutxiago dago. Herria hazi egin da, baina beti turismoari begira; ondorioz, etorri dena jende heldua da. Gero, kirol esparruan aukera asko daude egun. Errugbia da nagusi, baina surfak ere indar handia hartu du herrian. Horrez gain, beste hainbat kirol ere badaude aukeran», azaldu du.
«Bestalde, orain dela urte batzuk, erronka handia egon zen taldea ahalik eta mailarik gorenean edukitzeko, baina oraingo presidenteak harrobiarekin lan egitea erabaki zuen, eta taldeak indarra galdu zuen. Aurten, ordea, igotzeko aukerekin gaude, eta harro gaude, taldeko ia jokalari guztiak harrobikoak baitira. Itxaropentsu gaude», erantsi du zuzendaritzako kideak.
Arinek izandako beherakadan, Avironek eta Genetsek hartutakoa bideak ere izan du zerikusia. «Dudarik gabe. Haiek profesionaltasunaren bidea hartu dute eta, ondorioz, ezin diegu jarraitu. Gu etxean ari garelarik, hemen izaten dira talde horietako ikuskatzaileak gure jokalariak ikusten. Normala da haien eskaintzei baietz esatea. Lehen taldeak goian dituzte, eta horrek denak erakartzen ditu. Gainera, guretzat ere ez da txarra guk hazitako mutikoak gorantz doazela ikustea. Hori bai, oraingoz gehienak gurekin jarraitzen dute», azaldu du Remyk.
Ipar Euskal Herriko talde nagusia izatetik, apalagoa izatera pasatu da Arin. Aviron eta Genetsez gain, Biarritzek eta Croisesek ere gain hartu diete, eta horren arrazoiak ere ematen ditu Remyk: «Lehen aipatu bezala, Aviron eta Genets goian daude, baina dauden lekuan egoteko, kanpotik ere jokalari ugari ekarri behar dira, eta horrek esan nahi du etxeko hainbat soberan daudela. Horietako askok topatu dute lekua Biarritzen eta Croisesen».
Dauden jokalariei begira jarrita, itxaropentsu daude zuri-beltzak. «Gazte onak datoz eta badaude bi edo hiru gora joan daitezkeenak. Horietako bat Xabi Zubeldia da. 17 urte ditu, oraindik juniorra da, baina lehen taldearekin ari da jokatzen jada. Uste dugu zerbait ederra egin dezakeela», esan digute Donibane Lohizunetik.
Egun Athleticekin elkarlan hitzarmena du Arinek, eta arlo tekniko eta fisikoan ere jasotzen du bizkaitarren laguntza. Kluba bere bidea jarraitzeko prest dago, eta Donibane Lohizunen argi dute beste urte pila batean hitz egin beharko dela Arin Luzien taldeaz. Zuri-beltzen zuzendaritzak herriari ere eskerrak eman nahi dizkio, beti izan baitute herri guztiaren babesa. «Donibane Lohizunen asko maite dute Arin. Etxe guztietan bada norbait klubetatik pasatu dena. Orain partidak ikustera ez da jende gehiegi etortzen, baina denek dakite taldeak zer egin duen. Hori da politena, azken batean gure ekipoa futbola baino zerbait gehiago baita eta izan baita herriarentzat», amaitu du Duperauk.
100 urte betetzea ospatzekoa da, eta Arinek horixe egingo du denboraldi honetan, urte guztian izango baitira ospakizunak. Lehen taldearentzako elastiko berezia ere egin dute; mendeurreneko datak ditu aurrealdean, zer ospatzen duten gogoan izateko.
Ospakizun garrantzitsuenetakoa martxoaren 15ean egin zen, taldearen urteko aldizkaria aurkeztu baitzuten. Inoiz baino atonduagoa dator aurten. Argazki asko izateaz gain, informazio baliagarria ere biltzen du. Argazkien artean aspaldikoak daude, baita, nola ez, aurtengo talde guztietakoak ere, hasi txikienetik eta helduenetaraino.
Martxoaren 27a ere garrantzitsua izan zen, egun horretan jokatu baitzuten Athleticek eta Girondinsek. Hasiera batean Toulosse iragarri zuten, baina azken orduko arazo batzuk medio, Bordeleko taldeak jokatu zuen azkenean. Zaleek eskertu zuten, Lehen Mailako bi talde ikusteko parada izan baitzuten, eta hori gutxitan izaten dute.
Maiatzaren 21a izango da, ordea, egun handia. Ipar Euskal Herrian jai eguna da, eta baita klubaren zaindariaren eguna ere, Salbatore eguna ospatuko baitute Donibane Lohizunen. Mezaren ostean, Herriko Etxean harrera izango dute. Bertan opari banaketa egin eta gero, bazkaria egingo dute.
Urtero bezala, aurten ere gaztetxoen torneoa egingo da. Partaideen artean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako taldeak izango dira; Euskal Herrian dagoen tankera horretako torneo bakarrenetakoa da. Txapelketarekin amaituko dira aurtengo denboraldiko ospakizunak, baina azaroan jarraipena izango dute, argazki erakusketa bat egingo baita klubeko hainbat argazkirekin. Horretarako ezinbestekoa izango da herriko jendearen laguntza, batez ere argazki zaharrak utziz.