GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Gazte Martxa 09

Aurtengo Gazte Martxa helmugara, Garazira, heldu zen giro ezin hobean

Ostiralean Amaiurretik Garazira abiatu zen Gazte Martxari agur esan zioten atzo milaka eta milaka gaztek. Arratsaldeko zortzietan, ekitaldi politikoaren ostean, merezitako parranda batekin heldu zen Gazte Martxaren amaiera. Elurra, hotza eta euria gainditu ondoren, etxeko berotasunean izango dira jada parte hartu duten gazte independentistak.

GARA

Euria, hotza, lokatza eta elurra izan dira Gazte Martxa´09ko protagonistak. Hala ere, zailtasunak zailtasun, milaka eta milaka gazte independentistek helmuga dastatu zuten atzo hiru egunez mendirik mendi ibili ostean. Garazira heldu eta berehala herri bazkaria izan zuten; paella funtsezkoa izan zen indarrak berreskuratzeko, egun osoa baitzuten aurretik gazteek. Arratsaldeko zortzietan, ekitaldi politikoaren txanda izan zen; ondoren, kontzertuek egin zioten harrera merezitako parrandari.

Ikaragarria izan zen atzo Garazin ikusi ahal izan genuen argazkia, egunik xamurrenak izan ez arren eta eguraldiarekin dezente sufritu ondoren, gazte independentista andana zegoen ekitaldia egin zen karpan. «Egun hauetan ez da muga inposaturik egon, Amaiurretik Donibane Garazira aske bizi izan gara, egun hauetan berriz konkistatu dugu orain 500 urte armez lapurtu ziguten lurraldea», hasi ziren hizlariak.

Euskal Herrian barren-barrenetik sinesten duen gazteria borrokalaria egon da hiru egunez jarraian Martxa´09an. Izpegin gora elurra hasi zenean, gazteriaren indarra argi azaleratu zen. «Herri honen neurriko gazte belaunaldia gara, ez da zalantzarik, gora gu ta gutarrak!».

Atzokoa poz eta jai eguna izan bazen ere, «urte osoan zehar ez da beti alaitasunerako tartea» izaten eta, horregatik, euskal preso eta errefuxiatuak gogora ekarri eta besarkadarik eta babesik handiena helarazi zieten. «Ukapenari aurre egin eta alternatibak eraikitzeagatik» gazteak atxilotu, torturatu eta espetxeratzen dituztela salatu zuten.

Espainiar eta frantziar estatuek, eta euren «akolitoek», gazteriak borrokaren lekukoa hartzea «ekidin» nahi dutela argitu zuten ekitaldiko hizlariek. Belaunaldien arteko erreleboa «eten nahi dute», eta, horretarako, mezu garbia bidaltzen dute: onartu zapalkuntza, onartu miseria edo egurra jasoko duzue.

«Bi bide soilik daude»

Bi estatuek erabiltzen duten errepresioaren aurrean, «soilik bi bide» daudela ohartarazi zuten Donibane Garaziko ekitaldi politikoan. Lehenengo bidea errepresioa onartzea litzateke. «Hau da, ukapena eta patriarkatuaren inposaketa onartzea». Alegia, aukera hori, «borrokari uko egin, orain arte gure aurreko belaunaldiek lortu duten dena hankaz gora bota eta herri menpeko eta ustela izatea onartzea da».

Bigarren aukera, berriz, «eten nahi dutena indartzea» litzateke. Hau da, gazteria independentziaren alde batzea herri honen eskubideak defendatzeko. Euskal herritarren eskubideen defentsan ahalik eta gazte gehien borrokara batzea eta irabaztea da bidea. Eta horixe da hain zuzen ere atzo Garazin bildutako gazte andanak hartutako bidea eta erabakia.

Herenegun Baigorriko gaueko ekitaldian iraganeko ahots batek, Telesforo Monzonek, esaten zuena gogoratu zuten atzo Garazin: «Zuek, utopikoek, eramango duzue Euskal Herria askatasunera!». Orain dela 30 urtekoak dira hitz horiek, eta «orain esan ahal dugu utopia hark utopiatik gero eta gutxiago duela. Esan bakarrik ez, utopia hori bizitzen ari gara. Ikusi egin dugu utopia horren jabe den gazte belaunaldia Amaiurretik Garazira etortzen, eta ikusi egin dugu utopia hori errealitate bilakatzeko prest dagoen herria Irun eta Hendaia artean izan den abertzaleen topaketa itzelean».

Instituzio ofizialek «faxismoa eta ukapena» ordezkatzen dutela ere argitu zuten hizlariek. «Ipar Euskal Herrian autonomia behar dugu. Izan ere, Pauetik, Bordeletik eta Parisetik ari dira euskal herritarron etorkizuna gidatzen, euren kolonia bat gehiago bagina bezala».

Nafarroan eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «faxismora makurturiko agintariak» ditugula eta euren alternatiba instituzional bakarra 30 urtean «herri honen ukapenaren kontura aberastu diren diruzale PNVroak» direla ere baieztatu zuten. «Amaitu dira estatuen menpean herri hau biziko zela zioten gezurren garaiak. Gorbatadun politiko profesional horiek ez dira inoren ordezkari, koitadu diruzale eta txotxongilo miserable hutsak dira».

«Giltza gu gara; orain, 30 urte eta gero, erantzun ahal dugu baietz, guk, utopikook, eramango dugula herri hau askatasunera». Bidea gazte independentisten «borroka eta antolakuntza» dela aldarrikatu zuten. «Askatasuna krisiaren aitzakian lanpostua ukatzen digutenek ostu digute, askatasuna Espainiako Konstituzioak eta Frantziako Errepublikak ostu digute. Askatasuna gure borrokarekin soilik berreskuratuko dugu».

Donibane Garazin, Gazte Martxa´09ko azken egunean, zin egin zuten «Aberri Egunez batzen den gazteria independentistak» herri hau «askatasunera» eramango duela. Bidea erraza ez dela izango ohartarazi arren, «herri honen neurriko gazte belaunaldia gara» ohikatuz amaitu zuten ekitaldia.

Bestalde, azken eguneko herri bazkaria giro ezin hobean igaro zen. Eneritz Zabaleta, Hodei Barroso, Bixente Luku, Bixente Irigarai eta Sustrai Colinak bertsolariek giroa alaitu zuten.

Bertso-saioak iran zuen bitartean, oihu eta aldarrikapenak ere ez ziren falta izan. Gazteek argi erakutsi zuten hirugarren eguna izan arren, lanerako zein parrandarako gogoz eta indartsu zeudela.

Behin sabela beteta eta bertsoekin giroan sartuta, gazte ugari azoka gunera gerturatu ziren. Bertan, materiala erosteko aukera izateaz gain, Xiba jokoetan parte hartzeko parada ere izan zuten. Hasieran, gutxi izan ziren parte hartzera animatu ziren gazteak eta gehienak begiratzera mugatu ziren. Laster hasi ziren, ordea, jolasean eta irri eta salto artean pasatu zuten arratsaldea. Batzuk harriak jasotzen, besteak tokan edo sokatiran, aspertzeko betarik ez zen izan txoko honetan. Nekeak ez zituen gazteak menderatu eta gogotsu aritu ziren.

Nazioartetik etorritako gazteek ere izan zuten Euskal Herriko herri kirolen berri. Hain zuzen ere, Italiatik etorritako hainbat gazte izan ziren herri kiroletan parte hartzera animatzen lehenak. Hasiera batean jokoen arauak ezagutzen ez zituztela nabarmendu zen arren, horiek ikasitakoan tamainan aritu ziren.

Parrandarako gogoa ere nabari zen gazteen artean, tragoa eskuan eta kantuan ibili baitziren asko. Merezitako parrandaren ordua ez zen baina gaueko bederatziak arte iritsi. Ordu horretan hasi ziren agindutako kontzertuak. Kasu! + Mak, Gatibu, Su Ta Gar, Def Con Dos eta Mouss & Hakim taldeez gozatzeko aukera paregabea izan zuten gazteek. Horrenbestez, kontzertuak, txosnak eta giro alaia izan ziren nagusi gau osoan zehar.

Gaurkoan, ibiltarietako askok eta askok ohean igaroko dituzte ordu dezente, hiru egunetan pilatutako nekea baretzeko asmoz. Nekeak neke, baina, beste asko hurrengo Gazte Martxaren zain egongo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo