GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garzon hasia da 44 independentistei beren aurkako auziaren berri ematen

Zazpi izan ziren atzo Baltasar Garzon Auzitegi Nazional espainoleko epailearen aitzinean izan ziren militante independentistak, eta guztiek deklaratzeari uko egin zioten. Horiei guztiei «ETAko kide izatea» egozten die, Batasunan, EHAKn edota EAE-ANVn egindako lanagatik. Gaur eta etzi euskal herritar ugari igaroko dira Auzitegi berezitik, 44 baitira Garzon epaileak 4/08 sumarioan auzipetu dituen ezker abertzaleko kideak.

p012_f01.jpg

O. L |

Baltasar Garzon Auzitegi Nazional espainoleko epaileak Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko 44 kide auzipetzea erabaki ondoren, atzo abiatu zuen Madrilen auzipetuak informatzeko tramitea eta goizeko hamarretatik aitzina, Garzonek banan-banan hartu zituen bere bulegoan aurreneko militante independentistak.

Txema Jurado, Eusebio Lasa, Imanol Iparragirre, Josetxo Ibazeta, Joana Regeiro, Angel Mari Elkano eta Asier Imaz izan dira prozesatzeko autoaren berri eman zaien lehen auzipetuak. Autoaren berri ematearekin batera, auzipetuei deklarazioa hartu nahi zien Garzon epaileak, alta, Jone Goirizelaia abokatuak GARAri jakinarazi bezala, atzo auzipetutako lagun guztiak galderei erantzuteari uko egin zioten. Horiek horrela, minutu gutxiko izapidea izan zen atzokoa.

Josetxo Ibazeta donostiarra izan zen atzo Auzitegi Nazionalera bere kabuz joan zen bakarra, gainontzekoak preso baitaude. Aipatutako zazpi lagunez gainera, Mikel Garaiondo eibartarra ere atzoko deitua zegoen, baina Goirizelaiak aipatu zuenez, espetxetik Auzitegi Nazionalera eramatea «ahaztu» zitzaien, eta ezin izan zuen bertan egon.

Epaitegi bereziak atzotik datorren astelehenera bitarte eman nahi zien auziaren berri auzipetutako lagunei. Alabaina, defentsako abokatuek, egutegian aldaketak eskatuta, 44 militan- teen zitazioak atzo hasi, gaur jarraitu eta ostegunean bukatzekoak dira; horiek horrela, makina bat lagunek igaro beharko dute gaur eta etzi Garzon epailearen aitzinera.

Auzipetu gehienak, 34 hain zuzen, espetxean daude gaur egun eta, beraz, tramitea gauzatu zedin gehienak Madril inguruan dauden espetxeetara eraman dituzte azken asteotan. Soto del Real, Navalcarnero, Aranjuez, Valdemoro eta Alcala Mecoko presondegietan daude egunotan guztiak.

4/08 izena hartu duen sumarioan, 2007ko urrian Seguran Batasunaren aurka egindako polizia operazioan atxilotutako 24 lagunetatik 22 daude auzipetuta, Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Juan Joxe Petrikorena horien artean. Polizia operazio horren segidan atxilotutako Marije Fullaondo, Pernando Barrena eta Patxi Urrutia ere bertan dira; baita EAE-ANVko presidente Kepa Bereziartua eta bertako idazkari nagusi Antxon Gomez ere.

Horiei guztiei «ETAko kide izatea» egozten die epaile espainolak martxoan kaleratutako 522 orri dituen autoan, eta Batasunak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak «ETAk diseinatutako delituzko ekintzarekin jarraitzeko erabili» zituela dio bertan Garzonek.

Ez da hau ordea, Batasunaren aurka martxan den prozesu bakarra, «herriko tabernekin» lotutako auzian, 35/02, beste 41 lagun auzipetu baitzituen Garzonek iazko apirilean.

Xabi Larralde lapurtarra eta Jean Claude Agerre, Nafarroa Behereko militantea, Garzonek martxoaren 23an ezagutarazi zuen autoan auzipetuta daude, Haizpea Abrisketa eta Aurore Martin bezala. Lehen biak gainera, atzo zuten aurkezteko data baina ez ziren bertan izan. Auzitegi Nazionalera bertaratzeko zitazioa iritsi zaien ere ez baitaki beren abokatuak.

Estatu frantsesean, legala

Ipar Euskal Herriko lau auzipetuen karietara «antzeko delituengatik» prozesurik zabalik duten jakiteko Auzitegi Nazionalak Estatu frantseseko epaitegiei erreguzko gutuna bidaliko ziela aipatzen zuen Garzo- nek autoan. Gutunaren erantzuna ezagutu gabe ordea, Goirizelaiak argiki adierazi du euskal herritar hauek ez dutela antzeko prozesurik Bidasoaren beste aldean, «bertan ez baita ez diligentziarik ez aurrediligentziarik Batasunaren kontra», gaineratu zuen.

Aurrez gertatutako antzeko auziak gogoan izan zituen Jone Goirizelaiak, hala nola joan den urtarrilean Batasunaren kontrako 35/02 auziaren baitan Jon Salaberriaren aurka Estatu espainolak frantsesari eskatutako euroagindua eta, Segi gazte erakun- dearen kontrako auzian, Amaia Rekarte eta Yves Matxikote gazte lapurtarren estradizio eskariak. Horietan guztietan, abokatuak gogora ekarri bezala, ezezkoa jaso du Estatu espainolak.

Lehendabizikoan, Parisko Fiskala izan zen Salaberriaren euroaginduaren aurka agertu zena, «oinarrian zeuden arra- zoiak erabat politikoak» zirelako. Rekarte eta Matxikote ere ez zituzten Estatu espainolaren esku utzi, Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Segiko militantea izatea ez baita delitu. Aitzitik, Larralde, Agerre, Abrisketa eta Martinekin zer gertatuko den oraindik «ikusteke» dagoela adierazi du abokatu bizkaitarrak.

gaur eta etzi

Garzon epaileak auzipetutako 44 militante abertzaleak gaur eta ostegunean izango dira Auzitegi Nazional espainolean, bertan Garzonek euren kontrako autoaren berri eman diezaien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo