Joxe Iriarte «Bikila» Oiartzun
Suter
Modu asko zeudek lagunak gogoratzeko. Nik neurea diat. Gaztaroko Errenteria hits, ilun eta aldi berean entusiasmoz beteriko hartan elkar ezagutu genian biok. Gogoratzen. Hi koadrila zale, txikiteroa, ni klub atletikoko korrikalaria; biok mendizaleak. Izen ordeak, «izaeraren araberakoak». Hiri Suter, niri Bikila.
Saltsa askotako perrexilak, gainera. JOCeko eskola soziala. Gogoratzen? Herri proletario batean, langileria nagusi: marxismoa gora marxismoa behera, Jesu Kristorekin uztartu nahian. Euskara berreskuratzeko deia. Eztabaida sutsuak: abertzale izateko independentzia hautatu behar nahita ez, autodeterminazioaren aldekoak espainolistak omen.
Soldaduska Arakan. Hi Joxan, ni Joxe, biok Iriarte, 13. konpainia, hi erdiko ohatzean, ni goikoan... edo alderantziz huen? Gogoratzen atera ziguten argazki hura? A zer nolako piura gurea. Hogeita hamar urte geroago Orereta osoa deskojonatu huen gure kontura aldizkari hartan argitaratu zutenean.
Eta afari-meriendak gure euskara zaharberrituaren inguruan alboko belarriluzeek entzun ez gintzaten? Banderari muin... zeinek uko egin? Hi Donostiako Loiolako Kuartelera, ni zigortua Logroñora.
Soldaduskatik etorri eta nik ospa egin behar. Geroago ere ni uretan alde batetik bestera, azkenean alboko herrian, Oiartzunen, lekutu arte. Hi beti trinko Errenteria-Oreretan. Gutxik ezagutu ditiztek hik bezala gure herriko bazterrak. Paisaiaren parte bat hintzen. Zaila Oreretan ibili eta hirekin ez topatzea.
Erbestetik itzuli eta herriko asanbladan elkartu. Hi ordurako Langile Komisioetan eta EMKn henbilen. Ni LKIn. Oso hurbil, baina desberdin. Eskerrak asanblada borrokako elkargunea genuela. Iosu Zabalaren heriotzaren ondoren Elizan entzerratuta egin genuen gau pasa hartan berriro independentistak abertzale eta autodeterminazio zaleak espainolistak omen... guk biok ezetz, bata aldez aurretiko aukera dela eta bestea erabakitzeko eskubidea aukera zehatza geroago utziz. Biak ala biak uztargarriak eta ez kontrajarriak. Gogoratzen?
Geroago, EMKtik urrundu hintzen eta ezker abertzalean lerrokatu. Ni, berriz, EMKkoekin elkartu eta Zutik sortu. Euskal Herritarrok-en, behingoz, bat egin genuen denbora labur batez. Berriro, bakoitzak gure bidetik... batzuetan hurbilago bestetan urrutiago, baina elkar ikusten genuen bakoitzean hire agur beroa, lagunkoia, alaitsua. «Zer moduz, Joxe?». «Ez hi bezain ondo», erantzuten nian. Hain umoretsu ikusten hindudan beti, ezin erantzun beste era batean!
Berriro diot. Norberak nahi duen bezala gogoratzen dik laguna. Nik horrela gogoratuko diat, Suter. Diferentziak diferentzia, beti lagun.
Jenioa eta piura, beti arte! Hintzen bezala hintzen, Suter. Eta kito!
Nire doluminak Nekane emazteari eta Haizea alabari.