GARA > Idatzia > > Kultura

Aulestiko IV. ArteDrama Topaketek «Ibañeta» ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko dute

Ohi bezala, Pazko-astean, ArteDrama Euskal Laborategia egingo da Aulestin. Antzerki ikastaro trinkoaz gain, bost egunetan bederatzi ikuskizun emanaldi izango dira bertan, gaur hasi eta larunbatera bitarte.

A. BILBAO | BILBO

Aulestik laugarren urtez ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL) hartuko du, ohi bezala Pazko astez. Egitasmo honek bi ardatz nagusi ditu: euskarazko antzerki trebakuntza ikastaro trinko bat eskaintzea bata eta herriari zuzendutako antzerki emanaldiak eskaintzea bestea.

Beraz, aste osoan ikastaro trinkoa egingo dute bertaratzen diren antzerkizale euskaldunek, elkar ezagutzeko baliatuko duten aukera aproposa. Eta, bestetik, bost egunez bederatzi ikuskizun bikain ikusteko aukera izango dute, izan antzerki, film labur edo musika emanaldi.

Udal aretoa eta gaztetxea

Ikuskizunak bi agertoki nagusitan egingo dira, udal aretoan eta herriko gaztetxean hain zuzen ere, gaueko bederatzietan hasita.

Lehenik eta behin, Eñaut Gantxegik gidatutako «Danian Jai Alai, Court Warriors» filma botako dute gaur gaztetxean, gaueko bederatzietan. Hogei minutuko euskarazko film labur honek AEBetan gure pilotariek jokatzen duten xistera jokoa du ardatz. Eguna bukatzeko, antzerki saioa izango da gero, Ainoa Alberdi eta Iraia Elias protagonista dituen «Eta Karmele?» antzezlana hain justu.

Bihar udal aretoan Le Petit Theatre de Painek lehen saioa eskainiko du, Fafiole Palassio antzezle duen «Tartean» obrarekin. Gaia, honakoa: «Bi xixpa tiro. 16 urte kartzelan. Presondegiko azken gaua, galdu duen bizi baten iragana bildu nahiarekin eta askatasunera itzultzearen arrangurarekin tira biraka ari denarena». Eta ostegunean, areto berean, Ipar Euskal Herriko taldearen bigarren saioa, «Juglarea, puta eta eroa». Ikuskizun honetan Dario Fo antzerkilari ezagunaren hiru bakarrizketa hautatu dira, eta 2009ko Donostia Antzerki Saria jaso duen lana sortu.

Ostirala ere antzerkiak beteko du udal aretoan. Azeri Taldeak «Txano barra gorro» antzezlana aurkeztuko du, Ander Lipusek antzeztua. Gaztetxean berriz, eta 22.30ean, «Looking for Mister X» film laburrak irekiko duen gaua Hudaltzainen (Fredi Paia eta Etxaun Lekue) bertso saio bereziak itxiko du.

Larunbateko jardunak itxiko du aurtengo ArteDrama Euskal Laborategia, 778ko gertakariak agertzen dituen «Ibañeta» ikuskizuna frontoian emanda. Ordu eta erdiko obra hau Larzabalek idatzi zuen 1968an eta Ander Lipusek gidatzen du orain. Oholtza gainean hamazazpi antzezle eta hiru musikari izango dira, 2008an emanaldiak egiten hasi eta Aulestin azkenengoz ikusi ahal izango den obran. Eta ase- ezinentzat, festa giroan bukatuko da gaua, Maixa, Ines eta Maite trikitilariekin, 23.00etan gaztetxean.

AIPAGARRIAK

Ostegunean Le Petit theatre de Painek aurten Donostia Antzerki saria jaso duen «Juglarea, puta eta eroa» antzeztuko du, eta larunbatean berriz, Piarres Lartzabalek idatzi eta Ander Lipusek zuzendu «Ibañeta» antzerki ikuskizuna izango dugu.

Fitxa

Data: gaurtik datorren larunbatera arte, apirilaren 18ra arte.

Tokia: udal aretoa, gaztetxea eta frontoia (Aulesti).

Ordua: 21.00etan.

Sarrera: Doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo