GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Thailandia, armada erabakigarria den lurraldea

Thailandiako krisia urruna bezain ezezaguna gertatzen da Euskal Herrian ez ezik, Mendebalde osoan ere. Egunotan hango gertakariak albiste izan dira Asiako hego-ekialdeko hainbat estaturen gailurra bertan behera utzarazi zutelako, eta horregatik hartu dute halako garrantzia -munduan zehar jakiterainokoa alegia- atzoko hildako eta zaurituek. Herrialde hartako gabezia demokratikoa eta ezegonkortasuna ez dira atzo goizekoak, 1932tik izandako 18 estatu kolpeek erakusten dutenez. Azken istiluak duela hiru urte hasitako krisiaren barruan kokatu behar dira. Orduan estatu kolpe batek orduko lehen ministro eta egungo oposizioaren buru Taksin Shinawatra bere kargutik kendu zuen. 2008. urte bukaeran, berriz, egungoen antzeko matxinadek, eta batez ere Armadaren eta elite monarkikoen sostenguak, egungo lehen ministro Abhisit Vejjajiva Gobernura eraman zuten, eta ez dirudi prozedura demokratikoen oso aldeko. Bestalde, auzitegiek Taksin Shinawatra ustelkeria dela-eta zigortu, eta berak erbestera jo zuen. Esan liteke Thailandiako gatazka horiek, egunotakoak eta aspaldikoak, eliteen arteko borrokaren ondorio direla. Nolanahi ere, oposizioak ez du arrazoi falta hauteskundeak egiteko eskaerari dagokionez; izan ere, Shinawatrak behin eta berriz herritarren botoak izan ditu gobernatzeko sostengu bakarra, oraingo Gobernuak ez bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo