«Indarra hartu eta batzeko aitzakia ederra dira Gazte Martxa bezalako ekimenak»
Garbiketa lanean ari zen atzo Donibane Garazin Ion Telleria, Gazte Martxa´09ko antolatzaileetako bat. Pozik agertu zen ekimenak jasotako erantzunarekin eta, nekea pilatu arren, ez du zalantzarik gazte andana Euskal Herriko auzo eta herrietara indarberrituta helduko dela.
Zuriñe ETXEBERRIA |
Donibane Garazin, Gazte Martxa´09ko amaierarako prestatuta zeuden karpa zein txozna guztiak jasotzeko eguna zen atzokoa. Makina bat lagunek igaro zuten igande gaua merezitako parrandan, Gazte Martxari agur esaten. Beste hainbat gazte independentistekin batera, antolaketa lanean aritu da egun hauetan Telleria. Atzo dena zegoen bezala uzteko buru-belarri jardun zuten lanean.
Gazte ugari biltzea lortu duzue hiru egun hauetan zehar, Gazte Martxarako zehaztuta zenituzten helburuak bete dituzue?
Oso pozik gaude. Eguraldiarekin kezkatuta egon bagara ere, jendeak oso ondo erantzun du. Zorionak gazteok! Beraz, esan dezakegu, Gazte Martxa hasi aurretik finkatu genituen helburuak bete ditugula.
Eguraldiak ez du martxa errespetatu eta kanpin-dendak jartzeko orduan arazoak izan ziren.
Dezente sufritu dugu eguraldiarekin, eta gehienbat gau partean nabaritzen da hori. Eskerrak eman nahi nizkieke Amaiur, Baigorri, Lasa eta Garaziko alkate zein herritarrei. Herritar asko izan ziren beren ateak ireki eta gazteak hartu zituztenak. Batzuek etxean lo egiteko aukera eman zieten gazteei, beste batzuek garaje edota lonjak eskaini zizkieten martxalariei. Benetan, esker mila herritar horiei guztiei beren elkartasunagatik.
Amaiur eta Garazi artean igarotako egunetan jaia eta aldarrikapena uztartu dituzue. Martxa amaituta, orain zer?
Gazte martxalariak etxera bueltatu eta betiko martxa hartuko dugu. Igandeko ekitaldian aldarria oso argia izan zen: «Askatasuna soilik borrokaz lortuko dugu eta gazteoi dagokigu lekukoa hartzea eta herri hau askatasunera eramatea». Herriz herri lanean jarraituko dugu. AHTren aurka, etxebizitza eskubidearen alde, greba orokorrean ere parte hartuko dugu, esparru oso zabal batean arituko gara lan eta lan. Gainera, Gazte Martxa bezalako ekimenak aitzaki ederra dira indarrak hartzeko, gazte mordoa batzeko eta elkarrekin esperientziak partekatzeko. Beste behin ere, aurtengo martxak «inpultsoa» hartzeko balio izan digu. Hiru egunetako nekea pilatuta izan arren, ziur nago Euskal Herriko auzo eta herrietara indarberrituta helduko dela gazte andana.