GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gazte Martxaren emaitzekin «pozik» eta «indarberrituta» agertu dira

p015_f01_199x108.jpg

GARA |

Ostiralean Amaiurretik Donibane Garazira abiatu ziren gazte independentistak etxera bueltatu ziren atzo. «Muga inposatuak» zeharkatu eta hiru egunez mendirik mendi ibili ostean, Gazte Martxa´09ko balorazio unea iritsi da.

Martxaren antolatzaileak oso pozik eta gustura agertu ziren, izan ere, zehaztutako helburuak bete dituztela argitu zuten. Parte hartu duen gazte kopuru zehatza ematea zaila bada ere, 2.000 sarrera inguru saldu zituztela baieztatu zuten martxaren antolatzaileek.

Hala ere, oraindik, azken jaialdiko datuak biltzen ari dira. Nahiz eta hiru egunetako martxa egin ez, Donibane Garazin antolatutako jaialdira jende asko eta asko hurbildu zen kontzertuez eta jai giroaz gozatzera.

Eguraldia, arazo nagusia

Eguraldia izan da Gazte Martxa´09ko antolatzaileek aipatutako arazo nagusia. Euria, hotza eta elurra jasan zituzten martxako parte-hartzaileek, eta kanpin denda jartzeko eta lotarakoan izan ziren une neketsuenak. Gazte martxalariak blai zeudela eta kanpoan lo egiteko zailtasunak ikusita, herritar askok beren etxeak edota lonjak eskaini zizkieten gazteei, eta eskuzabaltasun horregatik euren esker ona adierazi dute antolatzaileek.

Gazte Martxaren abiapuntura, Amaiurrera, iristeko polizia kontrol ugari izan zirela salatu zuten. Hainbat autobus denbora luzez geldirik eduki eta gazteak identifikatu zituzten. Etxera bueltatzeko orduan, ordea, arazorik ez zela izan argitu zuten martxaren antolatzaileak.

Aurtengo martxaren inguruan balorazio positiboa egiteaz gain, indarra hartzeko aukera paregabea izan dela adierazi zuten. «Indaberrituta» agertu ziren hiru egun elkarrekin igaro ondoren.

Gaurtik aurrera, ordea, Euskal Herriko auzo eta herrietan lanean jarraitu beharra dago euren hitzetan. Etxebizitza eskubidearen alde, AHTren kontra eta beste hainbat esparrutan borrokatzen segituko dute gazte independentistek «herri hau askatasunera eramateko». Izan ere, igandean, Donibane Garazin izan zen ekitaldi politikoan argi helarazi zuten mezua: «Soilik, borrokarekin lortuko dugu askatasuna».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo