GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA Sarako idazleen biltzarraren XXVI. edizioa

Argitalpen aniztasuna eta euskara izan ziren nagusi Sarako Biltzarrean

Jende anitz bada, eta beste urteetan baino euskarazko liburu gehiago dela ematen du» entzuten zen, bai idazle bai euskaltzaleen artean. Errepikatzen zen sentsazioa izanik ere, orain arte zuzena izan da, bisitari kopurua urtetik urtera handitzen baita Sarako Idazleen Biltzarrean.

Idoia ERASO

Sartu eta berehala giro goxo eta euskaltzalea sumatzen zen Sarako frontoian. Horren erakusgarri zen sarrera ondoan zegoen Angel Aintziburu idazlea. «Luzaiden gaindi» obraren bigarren alea argitaratu du. Nafarroako herriko istorioak baino gehiago eskaintzen ditu liburuak, erromatarren garaitik gure egunetara herriaren berri ematen duten pasadizoak atzematen dira bertan, mendian pilota partidak jokatzen zireneko istorioak eta izenen jatorriak, besteak beste.

Argitaletxe, ikerketa zentro eta idazleen lanak erakusten zituzten erakusmahaietan mota guztietako obrak aurki zitezkeen, berrienetik zaharrenera. Baionako Euskal Museoaren lagunek argitaratzen duten buletinaren ale berrienekin batera 1926. eta 1934. urteetakoak ere eros zitezkeen garai bateko paper horituarekin.

Argitaletxe eta elkarte txikienek toki handia hartzen dute Saran. Maiatzek, neguko aldizkariarekin batera, Xabaltxek bere diskoetarako idatziak dituen kantuak aurkeztu zituen. Sararako argitalpenak ugari bildu ditu Maiatzek, Odon Nobliaren «Ametsak» esaterako margoa eta literatura elkartzen ditu: «Gauzak beste manera batez ulertzeko era eskaintzen dut». Eñaut Etxamendiren obra osoaren bilketaren lehen alea ere agertu du Baionako etxeak.

Senpereko Hatsa elkarteak, urtero legez, poesiaren mundua demokratizatzen saiatzen da. «Nahi duenak Senperera hurbildu, eta bere olerkia argitaratua ikusiko du urtero ateratzen dugun `Hatsaren poesian'», adierazi zuen Auxtin Zamorak. Azken honek «Zernahi izan eta ere...» liburua aurkezten zuen poesia eta entseguaren artean.

Bitxikeriak ere gordetzen ziren mahaietan barrena murgiltzean. Euskal jatorria duen John Etxebeltz Txapel Berdeetako irakaslea da AEBetako Armadan. Aitamatxi argitaletxearen eskutik «Code: Ezkutu» lanak thriller geopolitikoa aurkezten du Euskal Herri elkartu baten inguruan.

Euskal Herrian ezagunak diren argitaletxeekin batera, sortu berriak diren edizio etxeek ere beren tokia hartu zuten. Han zen esaterako, 2008an Hendaian lekututako La Cheminante. Unibersaltasunean diren ezberdintasunak eskaintzen dituzten liburuekin Afrikari toki berezia egiten dio Cheminantek.

Sariak eta bekak

«Herria» aldizkariak 3.000 aleak argitaratu berri dituela-eta, Idazleen Biltzarrak sari berezia eskaini dio aurten. Egitasmoaren berri emanez han ziren Jan Battitt Dirassar zuzendaria eta Peio Jorajuria kazetaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo