GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Larretxea eta Waltari kanpoan geratu dira

p038_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Jardunaldi bat besterik ez da geratzen Binakako Berezkoen Txapelketako bigarren fasea amaitzeko, eta oraindik dena erabakitzeko badago ere, jadanik, aurrera egiteko inongo aukerarik ez dute izango lehian ari diren bost bikoetatik bik.

Larretxea-Waltari eta Bielle Ducassou ezer egiteko aukerarik gabe geratu dira, jokatutako partida guztiak galdu egin baitituzte. Ligaxka honetako lehen sailkatuak finala jokatzeko txartela lortuko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, finalerdia jokatu beharko dute.

Hortaz, une honetan egoerarik onenean Sorhuet eta Etxeto daude, jardunaldi baten faltan jokatutako guztiak irabazita baitituzte. Azkenekoan ere gauza bera eginez gero, finalean izango dira. Bestela, egindako eta hartutako tantoen arabera izango da. Azkeneko jardunaldian, Etxeberri eta Harizmendiren aurka jokatuko dute. Azken biko honek ere badu finalera sailkatzeko aukerarik, baina amaierako partida hori ahalik eta alderik handienarekin irabazi beharko dute.

Jadanik ligaxka amaitu dutenak egungo txapeldunak dira, Ibarrola eta Ozafrain, alegia, jokatutako lau norgehiagoketatik bakarra galduta. Finalerdiak jokatzeko txartela jadanik segurtatuta dute.

Igandean jokatu ziren Donibane Garazin laugarren jardunaldiko partidak, eta bertan ez zen ezusterik izan. Lehenengoan, Etxeberrik eta Harizmendik 40 eta 18 hartu zituzten mendean Bielle eta Ducassou, 56 minututan.

Partidak ez zuen izan emoziorik. Irabazleek neurketa hasieratik hartu zuten aurrea, eta aurkariei ez zieten eman inongo aukerarik. Botearekin, 6 kintze egin zituen Etxeberrik, eta bat gutxiago Biellek, baina aldea galdutako tantoetan egon zen, galtzaileek 12 galdu baitzituzten alferrik, eta irabazleek, berriz, erdiak. Honela joan zen markagailua: 8-0, 19-4, 27-6, 33-10 eta 40-18.

Bigarrena hobea

Bigarren partida hobea izan zen, nahiz eta faboritoek ez zuten hutsik egin. Ibarrolak eta Ozafrainek lortu zuten garaipena 40 eta 30 irabazita Larretxeari eta Waltariri, 65 minutuz pilota jotzen aritu ostean.

Norgehiagoka ona izan zen, eta galdu bazuten ere, Larretxeak eta Waltarik orain arteko itxurarik onena eman zuten neurketa honetan. Ibarrolak 10 kintze egin zituen saketik, eta lau gutxiago Larretxeak. Azken txanpan txapeldunek jarritako erritmoak erabaki zuen auzia. Markagailua, berriz, honela joan zen: 2-0, 2-2, 3-3, 10-3, 12-12, 21-21, 23-23, 26-26, 32-28 eta 40-30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo