Manuel Rivasek bere poema liburu berria, «Elurraren urtzea», kaleratu du euskaraz ere
GARA | MADRID
Manuel Rivasek bere azken poema liburua aurkeztu zuen atzo. Oraingoan, berrikuntza gisa, ez du ohi bezala galizieraz edo gaztelaniaz argitaratu, estatuko lau hizkuntza ofizialetan baizik. Horrela, «Elurraren urtzea» euskaraz, katalanez, galizieraz eta gaztelaniaz argitaratu da. Idazleak azaldu zuenez, bere poemen itzulpenarekin «mugak hautsi» nahi izan ditu. Rivasen aburuz, garai honetan hizkuntzen aniztasunak dakarren aberastasunean arreta jarri ordez, gatazkan jartzen da arreta, eta horrenbestez Alfaguarari argitalpen honekin egindako apustua eskertu nahi izan zion.
Rivasen esanetan, poesiak «ama-zelula» egoera dauka. Horrela, «Elurraren urtzea»k naturari so egiten dio, baina ez kontenplazio era batean, «hainbat zauriren istorio» gisa baizik. Bere aburuz, zauri horietako batzuek ez dute atzera bueltarik, eta, adibide gisa, egun kostaldean duen egoera nabarmendu zuen, «orbainez betea». Horrez gain, gizakien gorputzean dauden zauriei buruz ere hitz egiten du.
Atzoko aurkezpen ekitaldian gaztelaniaz eta galizieraz idatzitako hainbat poema irakurri zituen Rivasek, alabaina, «oraindik» katalanez eta euskaraz irakurtzen ez dela ausartzen esan zuen.
Liburuaren izenburu eta esanahiari dagokionez, Rivasek azaldu zuen «udaberriak elurrean taupadak egiten» dituela eta elur hori «memoria lokartuta dagoen lekua» dela. Horrela, idazketarekin elur hori urtzen doa, eta modu batez lehen ikusten ez ziren gauzak aurkitu ahal dira. Alfaguarak kaleratu duen liburu honetan lau itzulpenak aurkituko ditu irakurleak, hau da, ez dago hizkuntza bakoitzeko argitalpen bat, laurak bat eginda ikusi baitute argia.