Kronika | Azken biktima gogoa, Gasteizen
«Nati Juncoren oroitzapena ez dugu errepidean utziko»
Arabako bertsolarien txapela jantzi berri duen Oihane Pereak bertsotan abestu bezala, Natividad Juncoren oroitzapena ez dute errepidean utziko. Omenaldi beroa eskaini zioten atzokoan dispertsioak eragindako azken biktimari 200 lagun eta senide ingu- ruk. Lore sorta, txalaparta, aurreskua... sentipenak nagusitu ziren.
Zuriñe ETXEBERRIA
Gasteizko Florida pasealekuan, arratsaldeko zapiak zirela, txalaparta doinuek jantzi zituzten Nati Junco omentzera joan ziren lagun eta senideen barrukoak. Bildutakoek zirkulu erdia osatu zuten; erdian, bere argazkia, kandela baten berotasunean.
Txalaparta doinuei Oihane Perearen bertsoek hartu zieten lekukoa. «Zugatik eta gugatik mantenduko gara tinko/ Zure oroitzapena ez dugu errepidean utziko», kantatu zuen bertsolariak.
Ondoren, zortzi gaztek ``Loretxoa'' abestiaren doinuaz dantzaldi zoragarria eskaini zieten Unai Gonzalez presoa bisitatzera zihoan eta auto istripua izan zuen Natividad Juncori eta omenaldian izan ziren guztiei. Unai Gonzalez preso gasteiztarraren amak, Ana Azuak, lore sorta jaso zuen, eta loreak eskuetan hitz gozoak errezitatu zizkion.
Une hunkigarria izan zen kartzeletan eta bisitan zihoazela zendu diren beste lagunen izenak banan-banan zerrendatu zituztenean. Txaloen artean, «herriak ez du barkatuko» oihuak nagusitu ziren.
Omenaldiari bukaera emateko merezitako aurreskua dantzatu zion beste dantzari batek Junkori. Dantzariak aurreskua bukatu zuenean, erretratua hartu eta musu eman zion. Berriro ere, txalo zaparrada batek astindu zuen Floridako pasealekua.
Nati Junco 2007ko abenduaren 25ean hil zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Orain bi urteko abenduaren 22an, bere alabaren mutil laguna, Unai Gonzalez Azua preso gasteiztarra, Terueleko espetxera bisitatzera zihoala, dispertsioak eragindako auto istripua izan eta, hiru egunetara, heriotzak eraman zuen. Errioxako Alfaro pareko autobidean jazo zen ezbeharra. Autoan, preso gasteiztarraren gura- soak, neska laguna eta bere ama zihoazen.
Bizi ala hil, hiru egunez
Terueleko espetxera -Gasteiztik 500 km inguru- bisitan zihoazen gainontzeko hirurek zorte handiagoa izan zuten abenduak 22 zituen egun horretan, gorputz osoan kolpeak izan arren, aurrera egin zuten, Natik ez bezala.
Abenduaren 25ean, Juncoren bihotz taupadak gelditu egin ziren, hiru egun luzez bizi ala hil egon ondoren. Bere heriotzarekin batera euskal presoei ezartzen zaien dispertsioaren biktimen zerrenda luzatu zen. Hamasei laguneko zerrenda da orain.