Xabi Castilo: «Ez daukat ezertaz kexatzerik»
GARA | DONOSTIA
Titular ukiezina izatetik, azken sei partidetan hasierako hamaikakoan behin bakarrik egotera pasa den arren, Xabi Castillok ez du kexatzeko inolako motiborik ikusten, badirelako taldean berak baino jokatzeko aukera gutxiago duten jokalariak. Hamaikakotik ateratzeak bere kontratua berritzeko dauden eragozpenekin «inolako» zerikusirik duela ukatu zuen durangarrak, nahiz eta kazetariek behin eta berriz galdetu zioten horren gainean.
«Pozik ezin dut egon, jokalariok ahalik eta gehien jokatu nahi dugulako baina ezin naiz kexatu; beste batzuek gutxiago jokatu dute, eta eurenganako errespetuagatik bada ere, ezin dut kexarik izan», adierazi zuen Castillok.
Ezker hegalekoak bere kontratuaren berritzean inolako berrikuntzarik ez dela egon azaldu zuen eta bere inguruan gertatzen ari dena «futbolean izan ohi diren egoerak» direla esan zuen. «Nik egin dezakedan bakarra da, orain arte bezala lanean jarraitu eta entrenatzailearen erabakiak onartu». Ildo horretan, aste honetan izan lezake jokatzeko aukera ona, Mikel Gonzalezek ezingo duelako jokatu, Ipuruako derbian jaso zuen txartel gorriaren ondorioz.
Labaka, min hartuta
Mikel Labakaren hutsunea izan zen atzoko entrenamenduko albiste nagusia. Azpeitiarrak kolpe bat hartu zuen larunbateko partidan eskuin izterrean eta ikusteko dago noiz osatuko den.