Mikel Gastesi eta Marine Pueyo Iruñeko udal hautetsi independentistak
Iruñeko Udalean....gure aginduetara!
Gure lurralde hauetan jarduera inkisitoriala ez da gauza berria. 2003an kultura alorreko beste zinegotzi batek, eta hori ere UPNkoa, tortura salatzen zuen liburua, gay argumentua zuen pelikula eta euskal pailazo batzuk zentsuratu nahi izan zituen
Udal liburutegietako egunkari erosketaren inguruan hartutako erabakiak UPN eta Barcinaren jokaera islatzen du. Haien jokaerak gure hiriburuko hamaika esparrutan isla izan du eta, hortaz, haien ibilbide luzearen beste kapitulu bat besterik ez da izan eskutan dugun hau.
Saiatu dira, bai, jarduera honetaz inor ohar ez dadin, besteak beste, antolaketa soila dela argudiatuz. Baina hartutako erabakiaren tamaina hain da handia, non liburuzainek argitara atera duten. Beraz, liburuzainek pertsona guztiok informatzeko eskubidearen defentsan egiten ari diren lana txalotzekoa da.
Gauzak horrela, UPNk eta bere bozeramaile gorenak, Barcinak, publikoki azalpenak ematera atera behar izan dute. Hala ere, erabakia era azkarrean eta inolako irizpiderik gabe hartu zenez, liburutegietatik bi egunkari desagerraraztekoa salbu, aldrebeskeria honetatik bakoitza ahal den moduan atera da eta, ondorioz, errealitatea faltsutu dute. Hau da, UPNko zinegotzi Paz Prietok hartutako erabakiaren azkeneko helburua ezkutatu nahian, benetako pirueta dialektikoak egitera behartuta ikusi dute beren burua.
Hasieran, Barcinak dirua aurrezteko neurria dela esan du. Gezurra. Zenbat diru aurreztuko du Barcinak udal liburutegi guztietan egunkari, aldizkari eta bestelako gastuetan egiten den guztizko gastua udal aurrekontuen %0,006 bada? GARA eta «Berria» erosteko kostua hainbat hautetsik pare bat bazkaritan egiten duten gastua baino txikiagoa da.
Gero, diru publikoaren kudeaketa onaren eta arrazionalizazioa aipatu zituen. Liburuzainek aurrekontura beti mugatu direla eta honi atera dioten errentagarritasuna ia miraritzat jo dezakegula jakin behar du Barcinak eta UPNko udal taldeak. Baina orain arte, behintzat, irizpide tekniko eta ez politikoekin egin da, herritarren eskaria kontuan hartuz.
UPN egungo legearen arabera hartutako erabakia dela esanez, beste behin ere, errealitatea faltsutzen ari da. Honek egungo arauek esaten dutenarekin ez du zerikusirik, eta bai, ordea, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak egindako hitzarmenarekin. Hitzarmen horren ondorioz, Udalak urtero liburuzainek aldizkako argitalpenak eta dokumentuak erosteko aurrekontua bideratzen die. Hortaz, zeini dagokio erosketa? Udalari ez, noski. Horregatik esandako hitzarmena isilarazi nahi dute eta une oro foru eta udal konpetentziak aipatzen dituzte, inork zalantzan jartzen ez dituen konpetentziak.
Baina, azkenean, UPNk Sanchez de Muniainen adierazpenen bidez onartu zuen, askatasun eta etikaz ari garela esan zuenean. Orain bai, orain helburua zein den argi geratu da: legalki argitaratzen diren bi komunikabide zentsuratzea. Hortaz, jardueraren zergatiak legediarekin, konpetentziekin eta aurrekontuekin zerikusirik ez duela agerian geratu da. Besterik gabe, zentsura inkisitoriala.
Aipatzekoa da gure lurralde hauetan jarduera inkisitoriala ez dela gauza berria. 2003. urtean kultura alorreko beste zinegotzi batek, eta hori ere UPN alderdikoa, tortura salatzen zuen liburua, gay argumentua zuen pelikula eta euskal pailazo batzuk zentsuratu nahi izan zituen. Eskuindarra izateak horrelako gauzak ditu. Hau da, ultrakontserbadorea, homofoboa eta espainiar ultranazionalista: UPNkoa, alegia. Orduan ez zuten lortu, ikus dezagun oraingoan.
Momentuz, UPNk Nafarroako liburuzainen elkartea (ASNABI) hartzeari uko egin dio. Argi dago UPN lotsaraziko dutenekin ez duela bildu nahi, eta udal txosten juridikoaren zain gaude. Bitartean, PSNren isiltasun ozena dugu. Zer aitzakia dute oraingoan gertaera hauek ez salatzeko eta haien berrikuntza exijitzeko?
Argitzea haiei dagokie. Baina bitartean, jendarteak zentsurarik gabeko informazioa jasotzeko eskubideen defentsan aritzen diren nazioarteko erakundeek ezartzen dituzten irizpideen bidez jarduten dugunok ideologiatik egindako zentsurak inolako justifikaziorik ez duela sinetsiko dugu eta esandako eskubideen defentsa sutsua eginen dugu. Liburutegiek eskertuko digute.