GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Nekazaritza salgai, baserritarren ezkutuan

Ohi bezala, jende ugari bildu zen atzo Ordiziara Artzain Eguneko ekitaldiek erakarrita. Besteak beste, euskal nekazari eta abeltzainen ohiturak eta produktuen kalitatea ikusi eta dastatzeko aukera egokia, inondik ere. Hala ere, nekazaritza sektorea ez dago bere produktuak bezain osasuntsu. Nekazaritza produktuak sustatzea onuragarria da, baina sektorearen premiak askoz handiagoak dira. Euskal nekazaritza desegituratuta, laguntzarik gabe, baztertuta dago. Eta sektore horren aldeko benetako apustua egiten ez bada, noizbehinkako erakusgai bitxia baino ez izateko bidean da, baserritarrak produkzio esparrutik aterata, elementu folkloriko hutsa izateko bidean. Sektorearekiko utzikeriaren erakusgarri, Iparlatek Kaikun zituen akzioak Emmi multinazionalari saldu dizkio, atzo EHNEk salatu zuenez. Multinazional horrek, Nafarroako Rural Kutxaren akzioak ere erosi zituen, eta orain Kaikuren akzioen %40 ditu. Sindikatuak, halaber, esne ekoizleei ez dietela salmenta horren informaziorik eman salatu zuen, eta hori esanguratsua da oso, erabaki garrantzitsuetan baserritarren iritzia hutsaren hurrengoa dela erakusten baitu eta, bide batez, sektoreari ematen zaion garrantzi eskasa. Euskal gizarte osoak, eta lehenik administrazioek, badute horren gaineko gogoeta egiteko motiborik, oinarrizko sektore baten gainbehera ez da-eta arazo txikia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo