Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatuko du EHEk maiatzaren 3an, Ondarroan
«Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!» lelopean egun osoko egitaraua antolatu du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, maiatzaren 3an Ondarroan egingo duten hizkuntza eskubideen aldeko jaialdirako.
Manex ALTUNA |
Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideek datorren maiatzaren 3an Ondarroan ospatuko duten Hizkuntz Eskubideen Egunaren aurkezpena egin zuten atzo Bilbon. EHEko eledun Unai Larreategik azaldu zuen bezala, «Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!» izango da jaialdiaren leloa, eta beren helburu nagusia izango da adieraztea Euskal Herri euskaldunaren aldeko eraikuntzan euskaraz bizitzeko hautuari ematen diotela lehentasuna.
Larreategik azaldu zuenez, hori izan da Hizkuntz Eskubideen Eguna Ondarroan antolatzeko arrazoia, Bizkaiko kostaldeko herri horretan, eta oro har, Lea-Artibaiko eskualdean herritarrak euskaraz bizi baitira.
Egungo testuinguru politi- koak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak duela aste pare bat publiko egindako txostenak hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapena egitearen beharra erakusten duela adierazi zuen EHEko ordezkariak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 1ean burututako hauteskundeen ondoren, Lakuako Gobernuan PSEren eta PPren eskutik gerta litekeen aldaketa ere izan zuen hizpide. Larreategik «alderdi espainolistei» egotzi zien hizkuntza «erasorako arma» gisa eta «herri baten aurka egiteko» erabiltzea.
Azaldu zuenez, EHEk «kezkaz» ikusten du egoera, PSEren eta PPren arteko itunak «orain arte indarrean egon den elebitasun egoera fikziozkoa bere horretan mantentzeko edo okerrera eramateko» asmoa azaleratu baitu.
Ildo horretan, gogor kritikatu zuen haiek hizkuntza askatasuna defendatzea, horientzat horren esanahia «euskaraz ez jakiteko eskubidea» baita, eta eus- kara «politika egiteko» erabiltzea aurpegiratu zien.
Larreategiren esanetan, urteetan zehar jasandako «zatiketa administratiboek eta indarrean diren legediek euskara erdarekiko menpekotasunera eraman duten» adierazle da gaur egungo egoera. Horren aurrean, euskara lehentasunezko hizkuntza izatera eraman behar dela aldaketaren erroa aldarrikatu zuen. Horrez gain, hizkuntza politikak erabakitzeko ahalmena euskaldunoi dagokigula adierazi zuen.
UEMAren aldeko hautua
EHEko kide Iera Arantzamendik gogorarazi zuen euskaraz bizitzeko eskubideaz jabetzeko eta hautu hori indartzeko helburuarekin antolatu dutela Ondarroako jaialdia. Bide horretan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) duen garrantzia azpimarratu zuen. Horren harira salatu zuenez, Lea-Artibaiko herriei hamaika oztopo jarri dizkiete: alde batetik, Auzitegi Goren espainolak, Ondarroari eta Lekeitiori UEMAn parte hartzea debekatuz; eta bestetik, EAJk ere bai, Munitibar, Etxebarri edo Mendexa bertatik ateraz.
Arantzamendik maiatzaren 3rako prestatu duten egitaraua ere azaldu zuen, eta eguerdi partean egingo dituzten manifestazioa eta ekitaldia nabarmendu zituen. Gaineratu zuen halere, era askotako ekitaldiak egingo dituztela Ondarroan, goizean goizetik hasita. Dantzak, antzerkia edo kale animazioa ikusteko parada izango da, eta umeentzako jolasak ere izango dira. Eguna amaitzeko Trikizio eta Ze esatek taldeen kontzertuak izango direla ere gaineratu zuen.
Aurten EHEren Nazio Bilkura ez dela Hizkuntza Eskubideen Egunaren barruan egingo jakinarazi zuten; horren ordez, aste batzuk lehenago Euskal Herri osoko herri eta auzoetan bilkurak egingo dituzte.