GARA > Idatzia > > Mundua

Abruzzo eskualdea berreraikitzeko 12.000 milioi euro beharko dira

p022_f01.jpg

GARA |

Lurrikarak astindu zuen Abruzzo eskualdea berreraikitzeko 12.000 milioi euro beharko dira. Hala aditzera eman zuen Italiako Barne ministro Roberto Maronik RAI telebista publikoko Ballar programan egin zituen adierazpenetan. «Berreraikitze lanak egiteko kopuru hori behar dugu. Gauza bera gertatu zen Umbria eta Las Marcaseko lurrikarak gertatu zirenean. Larrialdi egoerari aurre egiten hasteko dirua nola bildu pentsatzen ari da Gobernua», gaineratu zuen.

Lurrikarak 294 hildako, milatik gora zauritu eta 50.000 kaltetu inguru eragin zituen.

Horiei laguntzeko Gobernuak datorren astean neurri jakin batzuk onartuko dituela iragarri zuen Silvio Berlusconi lehen ministroak. Ministroen Kontseilua L´Aquilan egingo da. Abruzzoko hiriburua izateaz gain, kalte handienak izan dituen hiria da. Proposamenetariko bat kaltetuei errenta aitorpenaren zati bat ematea da. Orotara, 400 milioi euro izango dira.

Boluntario taldeek, ordea, ez dute begi onez hartu ekimena. «Beste larrialdi egoera batzuetarako ematen den dirua murrizteko besterik ez du balio. Elbarrituei, adineko jendeari eta beharrak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak kenduko dituzte proposamen hori onartzen badute», plazaratu zuen boluntario zerbitzuak biltzen dituen Nazio Koordinakundeak.

Oposizioan dauden talde politikoek ere kritika egin diote. «Ideia lotsagarria eta eskizofrenikoa da», esan zuen Alderdi Demokratak.

Bestetik, Italiako Banku Elkarteak (ABI) lurrikararen ondorioak pairatu dituztenek urte bukaera arte hipoteka eta banku-komisioak ez dituztela ordaindu beharko erabaki du. Kaltetuen kezka nagusietariko bat zen hori. Izan ere, askok ondasun guztiak, etxea barne, galdu dituzte. Ikusteko dago baina, urte berriarekin hipoteka ordaintzera behartuko dituzten edo ez.

Mafiaren beldur

Bestalde, berreraikitze lanetan mafia infiltratuko den beldur dela helarazi zuen mafiaren kontrako Italiako fiskal nagusiak, Piero Grassok. «Oraingoz, alarma zehatzik ez badago ere, arretaz jokatu behar dugu iraganean gertaturikoa errepika ez dadin», nabarmendu zuen.

Izan ere, duela 30 urte Irpinia -Italia hegoaldean- astindu zuen zuen lurrikararen ondotik, Camorrak berreraikitze lanetan eskua sartu zuen.

Ildo berean mintzatu zen Alfredo Rossini, L´Aquilako fiskala. «Diru asko iritsiko da hona. Mafia eta Camorrarentzat negozioa egiteko aukera ederra izan daiteke. Mafiaren aztarnarik topatu ez badugu, lanak oraindik hasi ez direlako da. Nire kezka azaldu diot jada Pietro Grassori», azaldu zuen.

Azken egunotan izan diren erreplikak Quirinaleko San Andrea eliza barrokoan kalteak eragin dituzte, «Corriere della Sera» egunkariak atzo argitaratu zuenez. Arrosa-leiho zatiak eta Antonio Raggik egin zituen estatuen zatiak erori dira. Asteartean, Italia erdialdean hamar bat lurrikara izan ziren. Richter eskalan txikiena 2 gradukoa izan zen eta handiena 4,9koa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo