GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Belaunean ebakuntza egin diote Iruñean

Barriolak beste erronka bati helduko dio gaurtik aurrera

Jesus Alfaro sendagileak aipatu zuenez, Lau eta Erdiko Txapelketarako osatuta egotea da helburua.

p039_f03_666x666.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Abel Barriolak bere kirol ibilbide luzeko beste etapa bati hasiera eman zion atzo. Leitzako atzelariari Iruñeko San Miguel klinikan egin zioten eskuin belauneko lotailu gurutzatua sendatzeko ebakuntza eta, sendagileek aipatu zutenez, «dena espero bezala» irten zen. Pilotariak bihar arte erietxean ingresatuta egon beharko du eta datorren astetik aurrera errehabilitazioari ekingo dio.

Jesus Alfaro, ebakuntza gidatu zuen sendagilea, eta Txema Urrutia, Aspeko sendagilea, izan ziren ebakuntza amaitu bezain laster komunikabideei argibideak ematera irten zirenak. Ulertzekoa den bezala, Barriolak nahiago izan zuen egoera horretan azalpenak ematen ez hastea.

Sendagileek jakinarazi zutenez, ebakuntza 15.00ak aldera hasi zen eta 45 minutu nahikoa izan ziren lotailu gurutzatua behar bezala sendatzeko. Anestesia epiduralari esker, Barriolak kontziente zela jarraitu zuen prozesu osoa eta ebakuntzaren nondik norakoak pantaila baten bidez jarraitu ahal izan zituen.

«Artroskopia bat egin diogu eta, espero genuen bezala, lotailua erabat desegituratuta zegoen arren, belauneko gainerako osagaiek ez zuten kalterik. Kartilagoak eta meniskoa egoera onean zeuden. Injerto bidez berregituratu dugu lotailua eta errehabilitazioa behar bezala egitea izango da gakoa», aipatu zuten medikuek.

Orain, pilotari nafarrak pazientziaz hartu beharko du berriz ere goi-mailako kirolera itzultzeko bide luzea. Mota horretako lesioetan epeak zehaztea zaila izaten den arren, sei bat hilabete beharko ditu Barriolak berriz ere gerrikoa jantzi ahal izateko. Jesus Alfaro sendagileak berak aipatu zuenez, «helburua Lau eta Erdiko Txapelketarako osatzea da, urriaren erdialderako gutxi gorabehera». Iraganean lesioekin izandako esperientziak asko lagundu diezaioke Barriolari lesio berri honi aurre egiteko.

AGURRA?

Patxi Ruizek Radio Euskadin baieztatu zuenez, erretiroa hartzea buruan darabil azkenaldian izan dituen arazoen ondorioz. Atzo entrenatu aurretik ere mina arintzeko tratamendua jaso behar izan zuen.

ZORNOTZA

Iñigo Leizak argi adierazi zuen Zornotzako pilotalekua ez zaiola batere gustatzen. «Ez dut uste inori hemen jokatzea gustatzen zaionik. Pilotaren hotsa zatarra da eta lurra ere ez zait gustatzen», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo